Gizartea -
garraiobide publikoa
Renfek Bizkaiko aldiriko trenen ordutegia moldatu du Gabonetarako
Gabon gauean eta Gabon zaharrean, 20:48 eta 21:05 artean aterako dira azken trenak Bilbo-Muskiz eta Bilbo-Urduña lineatan; Enkarterrin, 20:15 inguruan.
Agentziak | Erredakzioa
Gabonak direla eta, Bizkaiko Renfe Aldiriak bere trenen ordutegiak moldatuko ditu. Aldaketa gehienak abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean egingo dituzte. Horrez gain, C3 linean (Bilbo-Urduña) zerbitzu batzuk kenduko dituzte.
Renfek ohar batean azaldu duenez, abenduaren 24an eta 31n azken trenak 20:48 eta 21:05 artean aterako dira. Eguberri eguneko lehen trena 11:00etan abiatuko da.
Gabon zaharrean, 12 treneko zerbitzu berezia jarriko dute, goizaldean, Bilbo-Muskiz (C2) eta Bilbo-Urduña (C3) lineatan. Zerbitzu osagarri horiek Urteberri eguneko ohiko zerbitzuarekin izango dute lotura (05:05ean hasiko da).
Bestalde, Renfe Fevek Enkarterriko Aldiriko trenen ordutegietan aldaketak egingo ditu Eguberri eta Urteberri egunetan. Abenduaren 24an eta 31n, azken trenak 20:15 eta 20:20 bitartean irtengo dira.
Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, lehenengo trenak Bilbotik Balmasedara 08:50ean irtengo da, eta Balmasedatik Bilbora 08:45etik aurrera egongo dira martxan. Bilbotik Balmasedara 14:15ean irteten den trena ez da ibiliko. Hala ere, Bilbo–Leon linean, 14:30ean abiatzen den trenak Bilbo eta Balmaseda/La Calzada arteko geltoki eta geraleku guztietan egingo du geldialdia.