Gizartea -
Fenomenoa
Larunbatean Euskal Herria zeharkatu zuen meteoritoa ikertzen dabiltza adituak
Iruñeko Planetarioak nabarmendu du herritarrek horri buruz emandako edozein datu "erabilgarria eta erabakigarria" izan daitekeela bolidoaren ezaugarriak eta ibilbidea zehazteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larunbatean Euskal Herria zeharkatu zuen meteoritoa ikertzen jarraitzen dute Bolidoen eta Meteoritoen Ikerketarako Sarean lan egiten duten adituek eta Fripon (Fireball Recovery and InterPlanetary Observation Network) sare europarrak.
Ezohiko fenomenoa 22:15 aldera gertatu zen. Ordu horretan, distira handia sortzen duen objektu bat abiada handian pasatu zen zerutik, eta ez dute baztertzen Euskal Herrira meteorito gisa heldu izana, Iruñeko Planetarioak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Hasiera batetik, eta sare sozialen eta komunikabideen bidez herritarrek emandako laguntzari esker, horri buruzko informazio zabala jasotzeko aukera izan dute adituek.
Esan bezala, zientzialari adituak ari dira beharrean Bolidoen eta Meteoritoen Ikerketarako Sarean, eta mota horretako fenomenoak aztertzeaz arduratzen dira, besteak beste. Horregatik, sare horretan dituzten kamerek hartutako irudiak ez ezik, herritarrek partekatutako argazkiak eta bideoak ere ari dira aztertzen.
Are, su-bolak eragindako talkaren ondotik iritsitako soinu-uhinaz ere baliatu dira horretarako. Izan ere, Nafarroako toki askotan fenomenoa entzuteko aukera izan zuten, eta hainbat kristaletan dardarak ere eragin zituen.
SPMN221218 bolidoa Europako bost herrialdetan kamerak dituen Fripon sareak ere detektatu zuen.
Gauzak horrela, Iruñeko Planetarioak nabarmendu du herritarrek horri buruz emandako edozein datu "erabilgarria eta erabakigarria" izan daitekeela bolidoaren ezaugarriak eta ibilbidea zehazteko.
Batik bat, leherketak entzun edota bolidoa ikusi dutenen lekukotzat jaso nahi dituzte.