Gizartea -
Abenduaren 31n
Marokoko Poliziak bi euskal herritar kanporatu ditu Mendebaldeko Saharatik
Abenduaren 31n kanporatu zituzten bi emakumeak. Horietako batek azaldu duenez, Sahara Maroko dela esan eta hara helburu politikoekin joan ezin zirela ohartarazi zieten agenteek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marokoko Poliziak bi euskal herritar kanporatu ditu Mendebaldeko Saharatik, horietako batek (Irati Tobar) EFE agentziari, telefono bidez, jakinarazi dionez.
Elkarrizketa horretan esandakoaren arabera, abenduaren 31n bota zituzten handik. Bi euskal herritarrak Aaiunen zeuden bertako familia baten etxean, eta, dirudienez, duela bi egun, bertara azaldu ziren zenbait agente, kaleko jantzita.
"Saharara asmo politikoekin joan ezin ginela ohartarazi ziguten. Gainera, segurtasun arrazoiengatik, hotel batean egon beharko ginatekeela esan ziguten", azaldu du Tobarrek.
Nolanahi dela, Tobarrek zehaztu du Patricia Ibañezekin batera Saharara egindako bidaiak ez zuela helburu politikorik, alegia, turismoa egitera joan zirela, sahararrak nola bizi diren jakin nahi zutelako. Horretarako, bertako familia baten etxean ostatu hartzea erabaki zuten (Euskal Herrian dituzten lagun batzuen bidez lortu omen zuten familia horrekin harremanetan jartzea).
Tobarren hitzetan, atzetik izan dute Polizia, basamortura egindako txango batean ere moto batekin ibili ziren haien atzetik.
Behin Saharatik ateratzeko agindua emanda, taxi batean sartzera behartu eta Agadirrera arte eraman zituzten. Handik Casablancara joango dira ostegunean, eta ondoren Bilborako hegaldia hartuko dute.