Gizartea -
Girpearen kanpaina
128 lagun ospitaleratu dituzte gripeak jota EAEn, horietako 39 larri
Osakidetzak ziurtatu du behera egin dutela gripe kasuek, nahiz eta, oraindik ere, atalase epidemikotik gora dauden.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gripearen kanpaina abiatu zutenetik, guztira 128 pertsona ospitaleratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, horietako 39 egoera larrian, Osakidetzak jakitera eman duenez.
Euskal Osasun Zerbitzuak ziurtatu du behera egin dutela gripe kasuek, nahiz eta, oraindik ere, atalase epidemikotik gora dauden.
Azken astean, esaterako, 100.000 biztanleko 97,4 gripe kasu egon dira. Astebete lehenago, 150,1 kasu diagnostikatu zituzten, azken txostenak erakusten duenez. Hain zuzen ere, abenduaren 24tik 30erako astean gripeak izan duen bilakaera aztertu dute txosten horretan.
Esan bezala, gripearen kanpaina abiatu zutenetik gaur arte, 128 lagun ospitaleratu dituzte, horietako 39 larri. Kontsulta kopuruari dagokionez, astebeteko epean 1.976 izan dira Osakidetzara jo duten gaixoak. Gainera, dirudienez, urtarrileko lehenengo egunetan gora egin du bisita kopuruak.
Ildo horretan, gripearen sintomak izanez gero, "osasun baliabideak arduraz erabiltzea" gomendatu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak. Hau da, sintomatologiaren arabera, gaixoak berak baloratzea zein den unean uneko osasun zerbitzu egokiena: familia medikua edota larrialdi zerbitzuak, adibidez.
"Itxaronaldiak saihestea eta osasun zerbitzuak jendez ez betetzea ekarriko luke horrek", esan dute aipatu iturriek.