Gizartea -
Abisu horia hotzagatik
Euskal Herria, izoztuta: termometroak -9,8 ºC-ra heldu dira
Nabaskozen (Nafarroa) erregistratu dute sareko minimoa, baina Ozetako estazioan (Araba) jasotako -8,7 graduak ere aipatzekoak dira. Abisua igandera arte egongo da indarrean.
Eider Garaikoetxea | EITB.EUS
Zeropetik. Halaxe egon dira azken orduetan Euskal Herriko txoko askotako termometroak, eta datozen egunetan ere, modu bertsuan jarraituko dute, igandera arte bai behintzat. Egun horretara arte luzatu baitu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak tenperatura minimoengatik eta izotzagatik ezarritako abisu horia.
Nafarroan ez dago abisurik, atzo Aemetek hala egongo zela zabaldu arren (goizean bertan behera utzi du abisua). Dena dela, foru erkidegoan erregistratu da tenperatura baxuena: -9,8 ºC, Nabaskozen. Iruñean, -3 ºC-ra jaitsi da termometroa, eta -2 ºC-ra, Tuteran.
Araban ere gau hotza igaro dute . Euskalmeten estazio meteorologikoen sareko tenperatura minimoa Ozetan neurtu dute (Barrundia, lurraldearen iparraldea): -8,7 ºC. Gasteizen, Abetxuko auzoan, -7,6 ºC-ra jaitsi da merkurioa. Paganosen (Guardia, lurraldearen hegoaldea) "epelagoa" izan dira azken orduak: -2,3 ºC neurtu dute.
Gipuzkoako barnealdean neurtu dituzte zeroz azpiko baloreak: Arrasaten eta Oñatin -2,2 ºC eta -1,1 ºC izan dituzte, hurrenez hurren. Kostaldean ere leia egin du, eta Donostian, esaterako, - 1,3 gradu erregistratu dituzte (Miramongo estazioan).
Bizkaian, barnealdeko minimoak dira aipagarri: Otxandio (-7,7 ºC) eta Elorrio (-2,3 ºC), besteak beste. Bilbon, Deustu auzoko estazioan, ere balio negatiboak izan dituzte: -0,1 ºC.
Ipar Euskal Herrian, Biarritzeko (Lapurdi) tenperatura nabarmentzekoa da. Kostaldean egon arren, -4,7 ºC adierazi dute termometroek.
Hori horrela, eta Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpena aintzat hartuta, abisu horia igandera arte (10:00ak) luzatzea ebatzi du Jaurlaritzak: