Gizartea -
Lehenengo balantzea
Tabakoaren Kontrako Legea 'ia erabat' errespetatzen dute EAEn
Gaueko ordutegia duten zenbait pub eta diskoteka izan dira salbuespenak, baina establezimenduen % 96k gutxienez legea betetzen du.
Erredakzioa
Tabakoaren Kontrako Legea ''ia erabat'' errespetatzen dute EAEn, Eusko Jaurlaritzak egin duen ikerketa baten arabera. Dena dela, gaueko ordutegia duten zenbait pubetan eta diskotekatan salbuespenak izan dira.
Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburua, Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak eta Celina Pereda Eusko Jaurlaritzaren Drogamenpekotasunen zuzendariak eman dute txostenaren berri eta legea sartu eta bi astera, urtarrilaren bigarren hamabostaldian, egindako ikerketa batean oinarritzen dela zehaztu dute.
Donostian eman duten prentsaurrekoan izan da ikusle gisa Quino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusia, eta kazetarien aurrean adierazpenik egin ez badu ere, argitaratu dituzten datuekin ez datorrela bat erakutsi du.
Ikerketa egiteko 500 establezimendu ikuskatu dituzte eta 400 galdeketa egin dituzte beste hainbeste jatetxetan. Emaitzetan agertzen denez, hotel, joko-areto eta frontoien % 98,6k betetzen du legea, jatetxeen % 98,5ek eta tabernen, kafetegien, puben eta diskoteken % 96k.
Legearen urraketa kopuru gehien gaueko aisialdi guneetan zenbatu dituzte, diskoteketan batez ere.
Celina Peredak azaldu du jatetxeetako jabeen % 84rentzat onuragarria izan da establezimenduaren giro osasuntsuarentzat, baina % 40k uste du negozioarentzat txarra izan dela, eta hamarretik batek uste du oso txarra izan dela.
Ikuskatu dituzten 17 pilota partiduetatik bitan bakarrik ikusi omen dute jendea erretzen.
Hemendik aurrera, bigarren fase bat hasiko da, eta legea urratzen ari direla egiaztatu dutenen kontrako neurriak hartuko dituzte.