Gizartea -

Osakidetza

Lau pertsona hil dira EAEn gripearen ondorioz

Horietatik hiruk txertoa jarria zuten. Horrez gain, haurdun bat larri egon da, baina duela gutxi eman diote senda-agiria.

Erizain bat gizon bati gripearen txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Erizain bat gizon bati gripearen txertoa jartzen.
Erizain bat gizon bati gripearen txertoa jartzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018-2019ko gripe sasoia hasi zenetik, lau pertsona hil dira gaixotasun horrek jota Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Osakidetzak emandako datuen arabera. Gripea atalase epidemikotik gora dago gaur gaurkoz.

Lau hildakoen artean hiruk txerto jarria zuten. Horrez gain, haurdun bat larri egon da, berriki senda-agiria eman dioten arren.

Ikerkuntza Epidemiologikoko Jagoletza Sareak kaleratutako azken txostenaren (2018ko azken asteari dagokiona) arabera, une horretan gripeak jotako 128 pertsona zeuden erietxean, horietatik 39 larri.

Hala, abenduaren 24tik 30era, 100.000 biztanleko 97,4 kasu izan ziren, aurreko astean izandako markatik —100.000tik 150,1 kasu— behera, betiere.

2018ko azken aste horretan, lehen mailako arretako sarean, gripeari lotutako 1.976 kontsulta erregistratu zituzten, eta 2019ko lehen astean "gora egiten jarraitu du".

Osakidetzaren datuen arabera, gripean gehien erasandako adin tartea 0-4 urtekoa da (100.000 biztanleko 349,2 kasurekin), eta ondoren, 5-14 urtekoen taldea.

Bestalde, ospitaleratutako gripe kasu baieztatu larrien batez besteko adina 60 urtekoa da. Kasuen % 56 emakumezkoak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak