Gizartea -

Istripua Gipuzkoan

Topatu dute Hernion erori zen hegazkinean zihoan bigarren bidaiariaren gorpua

Hildako biak gizonezkoak dira, britainiarrak omen, ikertzaileek azken hori guztiz egiaztatuta ez duten arren.

Erreskate taldeak Hernio mendian, atzo. Argazkia: EFE
Erreskate taldeak Hernio mendian, atzo
Hernion erori zen hegazkinean zihoan bigarren lagunaren gorpua topatu dute

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreskate taldeek gaur topatu dute Hernio mendian, Errezilen (Gipuzkoa), atzo istripua izan zuen hegazkin txikian zihoan bigarren bidaiariaren gorpua, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Atzo arratsaldean pertsona baten hilotza topatu zuten, baina harekin batera zihoanaren arrastorik ez zuten atzeman.

Hala, goizean ekin diete berriro bilatze lanei, eta handik gutxira topatu dute hilotza.

Hildako bi pertsonak gizonezkoak dira, britainiarrak. Dena dela, ikerketaren arduradunek ez dute euren nazionalitatea guztiz baieztatu, Iñaki Lopez Etxezarreta Eusko Jaurlaritzako Larrialdi teknikariak adierazi duenez.

Lopez Etxezarretaren esanetan, 50 graduko desnibela duen harrizko eremu baten kontra jo zuen hegazkin txikiak; "oso gune konplexua da", erantsi du.

Teknikariak nabarmendu duenez, oraindik ez dakite zergatik jazo zen ezbeharra.

 

 

Portugaletik atera zen hegazkin txikia

Hegazkin txikia Hernio mendian amildu zen, eta ondoren, su hartu zuen. Hegazkina, Piper modeloa, Cascaisetik (Portugal) aireratu zen, eta Hondarribiko aireportuan lur hartu behar zuen.

15:45 aldera, Ertzaintzako eta suhiltzaileetako erreskate taldeek hegazkinaren hondakinak aurkitu zituzten mendian, eta baita tripulatzaile baten gorpua ere. Eguraldi txarragatik, gorpua lekutik ez mugitzea erabaki zuen auzitegiko medikuak, eta erreskate talde batek bertan pasatu du gaua, zaintza lanetan.

Auzitegiko medikuak hala agintzen duenean, bi gorpuak Donostiako Medikuntza Forentseko Institutura eramango dituzte, autopsia egiteko.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Gizartea Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak