Gizartea -
Eraso arrazista Gasteizen
Urtaranen ahotan, autobuseko txoferrak 'ez zuen jokabide arrazistarik izan'
Hala ere, “gertakari desatsegina” deitoratu du Gasteizko alkateak. Gidarien kolektiboari “erabateko babesa” eman die Urtaranek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume beltzaran batekin eztabaida izan zuen autobus-gidaria babestu du gaur Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Sare sozialetan zabaldutako bideoaren irudiak aztertu ondoren, txoferrak “jokabide xenofo edo arrazista” ez zuela izan ziurtatu du alkateak.
Nolanahi ere, hiri-autobus batean asteazkenean jazotako “gertakari desatsegina” deitoratu du alkateak. Alabaren patinetea tolestu behar zuela esan zion gidariak emakumeari, garraio publikoaren araudia betetzeko. Horrek bien arteko eztabaida beroa eragin zuen. Une horretan, beste bidaiari batek “arrazistak izan daitezkeen” hitzak erabili zituela zehaztu du Urtaranek. “Soldadua naiz, eta 20 urte eman ditut zuk bezalako jendea akabatzen”, esan zuen bidaiariak.
Grabazioak sortutako polemikaren aurrean, Gasteizko hiri-autobusetako gidariei “erabateko babesa” adierazi die alkateak. Zentzu horretan, txoferren profesionaltasuna nabarmendu du, baina bideoko gidariak “modurik egokienean jokatu” ez zuela onartu du agintariak.
Patinetea tolestea eskatu zion gidariak emakumeari, eta hurrengoa erantsi zuen: “Egun guztietan berdin. Bihar ez zara autobusera igoko”. Alabak “beharrizan bereziak” dituela erantzun zion emakumeak.
Nahiz eta modurik egokienean ez jokatu, txoferra zigortuko ez dutela gaineratu du alkateak, araurik hautsi ez zuelako. “Urtero 15 milioi pertsona garraiatzen dituen kolektibo baten profesionaltasuna” zalantzan jarri nahi ez duela azpimarratu du Urtaranek.
“Guztiek arauak bete behar ditugu”, errepikatu du alkateak. “Gidari batek erabiltzaile bati araudia bete behar duela gogoraraztea ez da jokabide xenofobo edo arrazista izatea”, nabarmendu du.
“Hori bai, pertsonaren batek ondoren autobus barruan erabilitako hitzak, horiek onartezinak dira”, erantsi du Urtaranek, soldaduari erreferentzia eginez. “Gorrotoa akuilatzea ere izan daiteke”, ohartarazi du.