Gizartea -

MALAGA

Zeharkako tunel bat egiten hasi dira Malagan, putzura eroritako umearengana iristeko

Oraingoz ez dute haurraren berririk. Astelehenean, edalontzi bat eta haurrak zeraman goxoki poltsa bat aurkitu zituzten putzuaren barruan.

Erreskate taldea Totalan udalerrian, Malagan, Julenen bila. Argazkia: EFE
Erreskate taldea Totalan udalerrian, Malagan, Julenen bila
Erreskate taldea Totalan udalerrian, Malagan, Julenen bila. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malagan, erreskate taldeak hirugarren egunez etenik gabe lanean ari dira, igandean ur putzu batera erori zen Julen bi urteko haurraren bila. 110 metro sakon eta 25 zentimetro zabal da zuloa.

Gaur, asteartea, 50 eta 80 metroko sakonera izango duen zeharkako tunel bat egiten hasi dira ustez Julen umea dagoen tokira heltzeko, Maria Gamez Espainiako Gobernuak Malagan duen bozeramaileak jakinarazi duenez. Tunela irekitakoan, kamera bat sartuko dute putzuaren barruan zer dagoen ikusteko eta, posible bada, erreskate taldeak sartzeko adinako zuloa egiteko. Dena den, ez du zehaztu zenbat denbora beharko duten horretarako.

Goizeko zazpiak aldera hasi dira tunela egiten. Erreskate taldeak lurra xurgatzen aritu dira hainbat orduz, baina atera ezin den masa trinko batekin egin dute topo, 73 metroko sakoneran.

Maria Gamezek azaldu duenez, zeharkako tunela egitea da atzo mahai gainean jarri ziren hiru aukeretatik seguruena. Gainerako biak, putzuaren ondoan beste zulo bat egitea eta lurra ateratzea ez dira hain seguruak. Dena den, bi aukera horiek ez omen dituzte erabat baztertu.

Espainiako Gobernuko ordezkariaren hitzetan, "etenik gabe eta intentsitate berarekin" lanean jarraitzen dute. Dena den, lan zaila izaten ari dela onartu du hiru arrazoirengatik: putzuaren egoerarengatik, estutasunagatik eta lursailaren orografiarengatik.

Haurra putzuan ez egotea aukera bat ote den galdetuta, ez dutela hipotesi hori aurreikusten azpimarratu du.

100 lagun inguruk osatutako operatiboak lanean jarraitzen du, baina oraingoz ez dute mutikoa topatu. Atzo, astelehena, edalontzi bat eta haurrak zeraman goxoki poltsa bat aurkitu zituzten ur-putzuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Espainia Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa