Gizartea -
Ezbehar larria Gipuzkoan
Pertsona bat hil da Orion, auto batek kamioi baten aurka talka egin ondoren
Istripua 17:25 aldera gertatu da A-8 autobidean, Irungo noranzkoan. Talkaren ondorioz autoaren gidaria hil da.
Agentziak | Erredakzioa
Pertsona bat hil da trafiko istripuan, Orion (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Iturriaren arabera, ezbeharra 17:25 aldera gertatu da A-8 autobidean, Irungo noranzkoan. MAN markako kamioi batek eta auto batek talka egin dute.
Citroen Xsara autoko gidaria hil egin da talkaren ondorioz. Irungo noranzkoan bi errei itxi behar izan dituzte, eta lau kilometroko auto-ilarak izan dira.
Hildakoa 58 urteko zarauztarra da. Talkaren ondotik, autoko gidaria harrapaturik geratu da ibilgailu barruan, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute, baina zauri larrien ondorioz hil egin da.
Irungo noranzkoan zihoazen kamioi eta auto batek talka egin dute. Ondoren kamioia errepidetik atera eta irauli egin da.
Gorpua Donostiako Auzitegiko Medikuntza zerbitzura eraman dute, epaileak aginduta. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, ezbeharraren arrazoiak eta inguruabarrak zehazteko.