Gizartea -

Haur transexualak

Chrysallis Euskal Herriak elkarte berria sortu du

Chrysallis EHko kideen ustez, proiektua 'berregituratu' behar dute, hartu duen tamaina tarteko (100 bazkide dira dagoeneko). Larunbatean izen, irudi eta webgune berria aurkeztuko dute.

Edurne Koch eta Bea Sever (Chrysallis EH), prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Edurne Koch eta Bea Sever (Chrysallis EH), prentsaurrekoan
Edurne Koch eta Bea Sever (Chrysallis EH), prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Chrysallis Euskal Herria adingabe transexualen familien elkarteak "ibilbide berri" bati hasiera ematea erabaki eta elkarte berri bat sortu du, Chrysallis marka atzean utzita. Elkarte berriaren izen, irudi eta webgunea larunbatean aurkeztuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean egingo duten "festa" batean.

Ekimen berriaren inguruko xehetasunak emateko Bilbon eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, Euskal Herriko zortzi familiek 2015ean sortu zuten Chrysallis Euskal Herria, Estatuko elkartearen babespean. Gaur egun 100 bazkide ditu elkarteak. Hazkunde handi horrek,  baina baita "eguneroko lanaren konplexutasunak eta Euskadi eta Nafarroako berezitasun administratiboek" ere bultzatuta, lurralde ordezkaritza izaera gainditzea ebatzi dute.

"Eraginkorragoak izateko eta familiei laguntza hobea emateko Chrysallisetik aldentzea eta beste elkarte bat sortzea erabaki dugu", argitu du Bea Sever Chrysallis EHko kideak. Dena dela, azpimarratu dutenez, aurrerantzean Estatuko elkarte horrekin zein gainerako lurralde taldeekin elkarlanerako prest jarraituko dute.

Severren ahotan, "gure seme-alabek egin zuten bezala, guk ere trantsitu bat egingo dugu. Izena aldatuko dugu, zenbaitek egin duten bezala, baina berdinak izaten jarraituko dugu".

Lau urteotako lorpenak

Aingeru Mayor elkarteko kideak nabarmendu duenez, 2015etik "lorpen garrantzitsuak" erdietsi dituzte, batez ere Nafarroan. Mayorren esanetan, Nafarroako legean egindako aldaketei esker, adingabe transexualek behar duten osasun arreta jasotzen dute "berez ez dute buruko gaixotasunaren inguruko txostena aurkeztu barik".

Horren ildoan, Eusko Jaurlaritzari eta EAEko gainerako erakundeei legea aldatzeko eskatu die Chrysallis Euskal Herriak, indarrean dagoena "zaharkituta" geratu delako. "Haur transexualak gaixoak balira moduan tratatzen ditu", salatu dute.

Beste lorpenen artean honakoak ere aipatu dituzte: "Hitzaldi eta ikastaroen bidez formazio lanak egin ditugu; aitzindariak izan diren baliabideak sortu ditugu; nazioarteko oihartzuna izan zuen markesinen kanpaina bultzatu dugu; hezkuntza, osasun eta psikologiako profesionalentzat aholkularitza lanak burutu ditugu; eta batez ere, informazioa, aholkularitza, baliabideak eta sostengu emozionala behar izan duten 100 familien prozesuan bidelagun izan gara".

Chrysallis Euskal Herriaren ustez, "lau urte hauetan haur eta nerabeen transexualitatearen ulermen eta laguntzan aldaketa historikoa bultzatu dugu, baita beren eskubideen errespetuan". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI Umeak