Gizartea -

Gripea

44 lagun hil dira gripeak jota EAEn; horietatik 25, azken astean

Urtarrilaren 14tik 20ra doan astean, gripe kasuek nabarmen egin dute gora EAEn. 100.000 biztanleko 532,5 kasu egon dira epe horretan, azken txostenak erakutsi duenez.

44 lagun hil dira gripeak jota EAEn. ETBren bideo batetik ateratako irudia
44 lagun hil dira gripeak jota EAEn
44 lagun hil dira gripeak jota EAEn. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 lagun hil dira azken astean Euskal Autonomia Erkidegoan gripeak jota. Beraz, 44 pertsona hil dira guztira gripearen denboraldia hasi zenetik EAEn gaixotasun horren ondorioz.

Hain zuzen ere, urtarrilaren 14tik 20ra doan astean, gripe kasuek nabarmen egin dute gora. 100.000 biztanleko 532,5 kasu zenbatu dituzte. Astebete lehenago, berriz, 362,4 kasu izan ziren.

Denboraldia hasi zenetik, 704 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte; horietatik 239, egoera larrian. Pazienteen batez besteko adina 67 urtekoa da.

Gainera, Lehen Mailako Arretan (bereziki Bizkaian) 8.641 paziente artatu dituzte. Duela bi aste 6.716 izan ziren gripearen sintomak zituztela sendagilearengana jo zuten gaixoak.

Iazko datuek erakusten dutenez, 2017-2018 denboraldian 97 lagun hil ziren gripeak eragindako arazoengatik. Bestalde, 446 pertsona ospitaleratu zituzten larri zeudelako, Osakidetzak eta Osasun Sailak ohar baten bidez gogorarazi dutenez.

Gaitz deserosoa bada ere, normalean, osasuntsu dauden pertsonetan gripeak ez du aparteko arazorik eragiten. Horregatik, atsedena hartzea, likidoak edatea eta sukarraren aurkako tratamenduak hartzea izaten dira medikuen aholkuak. Dena dela, sukarrak luze jotzen badu, komenigarria da sendagilearengana joatea.

Gaixotasun birikoa denez, antibiotikoak ez dira eraginkorrak izaten (kasu oso jakinetan soilik hartu behar dira, eta sendagileak aginduta). Hori dela eta, gripea saihesteko, eskuak ongi garbitzea, eztula edo doministiku egitean ahoa estaltzea eta erabili eta botatzeko mukizapiak aukeratzea gomendatzen dute adituek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gripea