Gizartea -
Santutxu
Kilo erdi ketamina eta bi su arma zituen gizon bat atxilotu dute Bilbon
Ustezko trafikatzailea asteazken goizean atxilotu zuten Santutxun, etxetik irteten ari zela. Adin txikiko alabarekin batera bizi zen atxilotua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udaltzaingoak 31 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, ustez drogarekin trafikatzeagatik. Hain zuzen ere, gizon horren etxebizitzan kilo erdi ketamina, beste zenbait droga eta bi su arma aurkitu zituzten agenteek.
Udalak jakitera eman duenez, Santutxun atxilotu zuten ustezko trafikatzailea asteazken goizean, etxetik irteten ari zela.
Ondoren, etxebizitza miatu zuten, eta, ketaminaz gain, 100 gramo haxix, 20 gramo marihuana, 3.000 euro eskudirutan eta droga manipulatzeko materiala atzeman zizkioten. Gainera, bi su arma zeuzkan, kargatuta eta erabiltzeko prest.
Merkatu ilegalean 25.000 euroko balioa izan lezake konfiskatutako drogak.
Udaltzaingoaren esanetan, batik bat, etxean zeukan "ketamina kantitate handiagatik" da garrantzitsua operazioa. Izan ere, droga hori bereziki arriskutsua da osasunarentzat.
Herritarren laguntzari esker atxilotu dute. Udaltzaingoak hainbat abisu jaso zituen, etxebizitza horretan gertatzen ari zenaz ohartarazteko.
Atxilotuak aurrekari penalak ditu, hainbat deliturengatik, eta epailearen aurrera eraman dute, honakoak egotzita: osasun publikoaren aurkako delitua, su armak edukitzea (horretarako baimenik izan gabe) eta ibilgailuak gidabaimenik gabe gidatzea.