Gizartea -
Gertakaria
Txirrindulari bat hil da pista batean erorita, Zarautzen
Asti auzoko hormigoizko bide batean gertatu da ezbeharra 09:30ak aldera. Gizonak 55-60 urte inguru dituela esan du Ertzaintzak, baina ezin izan dute oraindik identifikatu.
Erredakzioa
Gizonezko bat hil da gaur goizean txirrinduan zihoala erori eta buruan kolpe handia jasota, Zarautzen, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Istripua 09:30ean gertatu da Asti auzoko hormigoizko bide batean. Lekuko batzuk aurkitu dute gorpua errepidearen erdian eta larrialdi zerbitzuei eman diete abisua berehala.
Ertzaintza eta osasun-zerbitzuak bertaratu badira ere, biktimaren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin, izan ere, kolpe handia zuen buruan.
Txirrindulariak ez zeraman dokumentaziorik gainean, beraz, Ertzaintza hura identifikatzeko lanean ari da. 55-60 urte inguru omen ditu.