Gizartea -
TRIPADVISOR SARIAK
Bermeoko Lurdeia Landetxea, 'munduko hotel ekonomikorik onena'
Munduko bidaia webgune garrantzitsueneko baten erabiltzaileek hotel honen alde bozkatu dute, eta lehen saria eskuratu du bere kategorian.
EITB.EUS
Bermeoko Lurdeia Landetxea 'munduko hotel ekonomikorik onena' izendatu dute TripAdvisor webguneko erabiltzaileek. Bidaien munduan pisu handienetakoa duen webgunea da TripAdvisor, eta 94 herrialde baino gehiagotako milaka hotel agertzen dira bertan.
Ez da, baina, Lurdeia saritzen duten lehen aldia. Iaz ere, kalitate-prezio atalean Espainiako Estatuko lehena eta munduko bederatzigarrena izendatu zuten. Aurten, koska bat gora egin eta lehen postua eskuratu du Traveller’s Choice Sarien 'hotel ekonomikorik onenak' atalean. Bere atzetik, Irlandako, Erresuma Batuko, Vietnamgo, Arkansaseko eta Italiako hotel bana geratu dira.
Kategoria hauetan aukeratu dituzte alojamendu onenak erabiltzaileek: Top Hotelak, Luxua, Hotel Ekonomikoak, Hotel Txikiak, Zerbitzu Onena, Hostalak eta Pentsioak, Erromantikoak, Familiarrak eta Guztia Barne.
Lurdeiari puntuazio gorena eman diote bisitariek kokapenean, garbitasunean, zerbitzuan eta kalitate-prezioan.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dagoen Nekazal Etxeak turismo jasangarria eta praktika ekologikoa ditu ardatz. Bertatik oso gertu daude Gaztelugatxe (iaz Juego de Tronos telesailaren azken denboraldian agertu ostean turismo booma bizi izan duena) eta Gernikako hiribildu historikoa.
Iaz munduko bederatzigarren geratu ostean erreportajea egin zioten ETBko informatiboetan. Hemen ikusgai: