Gizartea -

Hirugarren bilera

EAEk, Nafarroak eta Akitaniak aurrera egin dute larrialdietako heliportu sarean

Arriskuen kudeaketan eta larrialdi, erreskate eta hondamendi egoerak kudeatzeko orduan emango dituzten urratsak adostu dituzte.

Gurutzetako Ospitaleko heliportua. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Gurutzetako Ospitaleko heliportua
Gurutzetako Ospitaleko heliportua. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Akitania Berriko osasun erakundeetako arduradunek bilera egin dute Baionan. Larrialdi egoeretan heliportu sarea antolatzeko helburuarekin jaiotako HeliNET proiektuaren hirugarren batzarra izan da aipatutakoa.

Egitasmoaren arduradunek jakitera eman dutenez, urtarrilaren 25ean egin zuten hitzordua, eta Osakidetzako Larrialdi Saileko ordezkariek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu 64A ospitaleak parte hartu zuten.

Hirugarren bilera hartan, hurrengo sei hilabeteetan emango dituzten urratsak adostu zituzten EAEko, Nafarroako eta Akitaniako gobernuen menpe dauden erakundeetako arduradunek. Hain zuzen ere, arriskuen kudeaketan eta larrialdi, erreskate zein hondamendi egoerak kudeatzeko orduan emango dituzten pausoak adostu zituzten, betiere, helikopteroen erabilera sustatuz.

Zehazki, sarearen hedadura eta elkarri laguntzeko orduan kontuan izan beharreko protokoloa hitzartu zituzten. Halaber, elkarlanean aritzeko gidak argitaratzea itundu zuten.

Bukatzeko, hiru lurraldeetan dauden baliabideak ezagutze aldera, hainbat erreminta informatiko aurkeztu zituzten. Horien bitartez, partekatutako informazioa ikusteko aukera izango dute proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek: baliabideak eta hauen ezaugarri eta kokapena, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak