Itxi

Gizartea

Alokairuko gidaridun autoak

VTC ibilgailuak ordubete lehenago alokatu beharko dira Euskadin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, gidariekin alokatzen diren ibilgailuak ezingo dira bidaiari bila ibili, eta horien kokapena enpresak soilik ezagutuko du, inoiz ez bezeroak.

  • ETBren bideo batetik ateratako artxiboko irudia

    ETBren bideo batetik ateratako artxiboko irudia

Gidariekin alokatzen diren ibilgailuak (VTC) ordubete lehenago erreserbatu beharko dira Euskadin, "kasu berezietan" salbu: larrialdietan, istripuetan...

Astearte honetan bilera egin dute Gasteizen Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Taxiaren Euskal Federazioak eta VTC zerbitzuetako arduradunek, araudi berriaren nondik norakoak zehazteko, iragan astean "istilurik" ez egotea eta sektorearen araudia negoziatzea adostu ostean.

Esan bezala, gaurko batzarrean neurri orokor batzuk hitzartu dituzte, besteak beste, zerbitzua gutxienez ordubete lehenago alokatzea. Gainera, VTC ibilgailuak ezingo dira bidaiari bila ibili, eta horien kokapena enpresak soilik ezagutuko du, inoiz ez bezeroak.

Horixe da, hain zuzen, Janire Bijueska Eusko Jaurlaritzako Garraio Planifikaziorako zuzendariak bileraren ondotik jakinarazi duena. Erdietsitako akordioa "arrakastatsutzat" jo du Bijueskak, alde guztiek erakutsi duten "borondatea" azpimarratuta. Jaurlaritzarentzat "istiluak saihestea" zen lehentasun nagusia.

Madrilen eta Bartzelonan ez bezala, Euskadin gaur-gaurkoz ez dago Uber eta Cabify zerbitzurik, ezta taxilarien eta VTC enpresen arteko iskanbilarik ere.

Hala eta guztiz ere, sektore horiek guztiak aldian-aldian batzen dira, araudia zehazte aldera. Esan bezala, gaurko honetan "kontu orokorrenak" itxi dituzte, baina aurrerago bilera gehiago deituko dituzte, araudiari azken zertzeladak emateko.

Bien bitartean, VTC ibilgailuek alokatutako zerbitzuaren dokumentazioa eraman beharko dute kasu guztietan, zerbitzua erreserbatzeko orduan hitzartutako gutxieneko ordubetea errespetatu dela konprobatu ahal izateko. Izan ere, aurretiaz alokatutako zerbitzua betetzen ari dela erakutsi ezean, garajera itzuli beharko dira VTC ibilgailuak. Hori da, besteak beste, gaur adostutako neurrietako bat.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena