Gizartea -

Polemika

Pukas Surfek barkamena eskatu du argazkiengatik: 'Gure asmoa ez zen inor mintzea'

Gipuzkoako markak azaldu duenez, ez da lehen aldia katalogoetan 'gizon eta emakumeen gorputz biluziak naturaltasunez' azaltzen direna, eta 'ez dugu inoiz mezu sexistarik luzatu nahi izan'.

Polemika eragin duen Pukas Surfen katalogoko argazkia.
Polemika eragin duen Pukas Surfen katalogoko argazkia.
Polemika eragin duen Pukas Surfen katalogoko argazkia.

Eitb.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udazken-neguko katalogoan ageri den argazki batek, elastiko bat bakarrik daraman emakumezko batenak, sare sozialetan eragin duen kritikei erantzun die Pukas Surf arropa, osagarri eta surf taulak egiten dituen enpresak. Atzo bolo-bolo ibili zen aipatu argazkia, eta Twitterreko erabiltzaile askok sexistatzat jo zuten, katalogoan ez baita gizonezko biluzirik agertzen.

eitb.eus Gipuzkoako enpresarekin harremanetan jarri da, eta horrek oharra helarazi dio, azalpenekin. "Minduta sentitu den edonori barkamena eskatu nahiko genioke, inoiz ez da gure asmoa izan edozein sentsibilitate mintzea".

Azaldu dutenez, "ez da gure katalogoetan gizon eta emakumeen gorputz biluziak naturaltasunez azaltzen diren lehen aldia, eta inoiz ez dugu mezu sexistarik luzatu nahi izan. Surfa eta bizitza naturaltasunez azaldu nahi izan ditugu, eta horrela egiten jarraituko dugu inor mintzen ez dugun bitartean".

Polemika sortu duten argazkiak Meñakotz hondartza nudistan (Barrika, Bizkaia) egin zituen irudiotan ageri den emakumezko argazkilari batek. Hark eman zion Pukasi horiek erabiltzeko baimena.

Pukas Surfen esanetan, "urteak daramatzagu makrokirolen gerizpean lanean, bai gizonezko zein emakumezko surfisten lana azalarazten. Badakigu kirolaren mundua, surfarena besteak beste, guztiz maskulinizatuta dagoela, gogor egiten dugu lan Melania Suarez, Ainara Aimat, Garazi Sanchez eta Nadia Erostaberen moduko surflarien lana erakusteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa