Gizartea -
TRAFIKOA
Bi moto gidari hil dira Barakaldon eta Deban izandako bi istriputan
Barakaldon 09:30 inguruan izan da istripua, A-8 autobidean. Deban, berriz, 15:00etan izan da ezbeharra, GI-634 errepidean.
AGENTZIAK | ERREDAKTZIOA
Bi moto gidari hil dira gaur Barakaldon eta Deban izan diren bi trafiko istriputan.
Batetik, 29 urteko moto gidari bat hil da A-8 autobidean jazotako trafiko istripu baten ondorioz, Barakaldo parean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, motoa bidetik atera da Kantabriako noranzkoan.
Gurutzetako ospitalera eraman dute gidaria zauri larriekin, eta han zendu da.
Deban berriz, GI-634 errepidean izan da ezbeharra, 15:00ak inguruan. Auto batek eta moto batek aurrez aurre jo dute, eta moto gidaria tokian bertan hil da. 35 urteko gizonezkoa da hildakoa.
Gainera, zauritutako hiru pertsona Donostiako ospitalera eraman behar izan dituzte.
Gipuzkoako Ertzaintzaren Trafiko Unitateak ikerketa ireki du istripuaren arrazoiak argitzeko.