Gizartea -
Energia nuklearra
Nuklearrak ixteko exijitu dio Aralarrek Espainiako Gobernuari
2020ra bitarteko energia estrategia aurkezteko exijitu dio Aralarrek Eusko Jaurlaritzari, Legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenean.
Erredakzioa
2020ra bitarteko energia estrategia aurkezteko exijitu dio Aralarrek Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, "gizarteari behin eta berriz ukatu zaion" energiaren ereduaren inguruko eztabaida zabaltzea eskatu du alderdiak.
Legebiltzarrean egin duten agerraldian, Dani Maeztu legebiltzarkideak eta Aintzane Ezenarro taldeko bozeramaileak Legez Besteko proposamena aurkeztu dute.
Jaurlaritzak energia alorrean duen jarrera gogor kritikatu dute Aralarreko ordezkariek. Eskaria egin diote "energia ereduaren inguruko eztabaida anitz eta soziala ireki dezan".
Horretarako, Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, behingoz 2010-2020 energia estrategia aurkez dezan Jaurlaritzak.
"Kontuan izanik aurreko dokumentua 2010erartekoa zela, Gobernuak berehala aurkeztu beharko luke hari jarraipena emango dion estrategia jasotzen duen dokumentua, taldeok eta eragile sozialek euren ekarpenak egin ditzaten", exijitu du Maeztuk.
Era berean, Aralarren legebiltzarkideak exijitu egin dio Espainiako Gobernuari "bertan behera utz dezala zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabakia eta behingoz bazter dezala eskarian inongo esku hartzerik gabe ari den mugarik gabeko garapen eredua",
Maezturen esanetan, energia nuklearra "ez da ez segurua, ezta garbia ere, eta bateraezina da energia berriztagarrien ereduarekin, energia eskariek behera egiten dutenean, energia nuklearra lehenesten delako energia berriztagarrien kaltetan".