Gizartea -
Sexu-abusuak
30 salaketa dira jada Salestarren lau irakasleren aurka sexu-abusuengatik jarritakoak
Salatzaileen esanetan, ustez sexu-abusuak egiteagatik salatutako ikasketa buru ohiak lanean jarraitu zuen, gutxienez beste ikasturte batez, Zuzendaritzak lehen kasuen berri izan eta gero ere.
EITB.EUS
Deustuko Salestarren ikastetxean egindako sexu-abusuen auzian, dagoeneko 30 dira ikasle ohiek jarritako salaketak eta 4, ostera, salatutako irakasleak. Salatzaileen esanetan, ustez abusuak egin zituen ikasketa buru ohiak lanean jarraitu zuen, gutxienez beste urtebetez, Zuzendaritzak lehen kasuen berri izan ondoren.
Iragan ostiralean, Salestarren zuzendaritzak oharra kaleratu zuen 1989ko azken hilabeteetan sexu-abusuengatik bi salaketa jarri zirela jakin zutela aitortzeko, eta salatutako irakaslea zentrotik nahiz Kongregaziotik bota zutela zehazteko.
Alabaina, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, ez zen horrela izan. Irakasle horrek klaseak ematen eta tutore lanetan jarraitu zuen ikasturte horretan eta, tarte horretan, beste ikasle bati egin zizkion sexu-gehiegikeriak. Hala dio irakasle horren aurka beste biktima batek Ertzaintzan aurkeztu duen salaketak.
Are gehiago, salatzaileek ikasketa buru izandakoaren sinadura daraman 1990eko ekaineko dokumentu bat argitaratu dute.
Salatutako delituak preskribatuta daude.