Gizartea -
Haur txikiak gudetan
420 milioi haur bizi dira gatazka guneetan
Save the Childrenen ikerketa baten arabera, egungo gudetan soldadu bakoitzeko bost haur hiltzen dira gatazketan.
Agentziak | erredakzioa
420 milioi haur inguru bizi dira gatazka armatuen lekuetan, 2016an baino 30 milioi gehiago, Save the Childrenek ostiral honetan jakitera eman duenez.
Gatazka guneetan bizi direnen artean, 142 milioi "intentsitate handiko gerra lekuetan" bizi dira, eta, toki horietan, urtean mila hildako baino gehiago izaten direla adierazi du Eva Silvan Save the Children Euskadiko zuzendariak.
Afganistan, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Irak, Mali, Nigeria, Somalia, Hego Sudan, Siria eta Yemen herrietan hiltzen dira haur gehien, Save the Children-en txostenaren arabera.
Herri horietan, 870.000 pertsona hil dira 2013 eta 2017 urteen artean, gerrek zuzenean eragindako beste ondorioengatik; esaterako, desnutrizioa, gaixotasunak eta osasun atentzio falta. Gainera, hildako horietatik, 5 urte baino gutxiago zituzten 550.000 haur izan ziren.
Save the Childrenen txostenak jakitera eman duenez, egungo gudetan, soldadu bakoitzeko bost haur hiltzen dira.
Dokumentuan, adin txikikoek jasaten dituzten eskubide urraketa larrienak aipatzen dira: hilketak, mutilazioak, gerrarako errekrutatzea, bahiketak, ikastetxeen kontrako erasoak, laguntza humanitarioa ukatzea eta sexu-erasoak, batez ere neskatoen kasuan.