Gizartea -
Ustezko iruzurra
Fiskaltza Barakaldoko hortz klinika baten itxiera ikertzen ari da
Barakaldoko Caredent klinika iragan astelehenean itxi zuten, aldez aurretik pazienteei inolako abisurik eman gabe. El Defensor del Paciente elkarteak “Fiskaltzaren bizkortasuna” eskertu du.
Agentziak | Erredakzioa
Barakaldoko hortz-klinika bat bat-batean itxi zuten astelehenean. Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du, El Defensor del Paciente elkarteak salaketa aurkeztu ondoren.
Elkarteak jakitera eman duenez, EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerbidea hasi du, ostegunean Barakaldoko Caredent klinikaren “ustezko iruzurra” salatu ondotik. Dozenaka kaltedun utzi ditu itxierak.
“Hainbat paziente babesgabe utzi dituen auzian Fiskaltzaren bizkortasuna” eskertu du El Defensor del Paciente elkarteak. Beste itxiera kasu batzuekin alderatu du elkarteak, iDentalnarekin esaterako.
Elkartearen hitzetan, “administrazio publikoek sektore pribatua, euren metodoak, baliabideak eta langileak kontrolatzea premiazkoa da”.
Caredent klinika frankizia bat izan zen 2018ko urrira arte, une horretan Naturdental Plus S. L.-ren eskuetara pasa zen, eta iragan astelehenean bat-batean itxi zuten, aldez aurretik pazienteei inolako abisurik eman gabe.