Gizartea -
Iragarpena
Udaberria eguzkitsu hasi da gaur, Euskadin
Euskalmetek adierazi duenez, apirilean eta maiatzean egoera ez da egonkorra izango eta ohi baino euri gehiago egingo du. Ekaina, berriz, hilabeterik egonkorrena izango da.
Erredakzioa
Euskalmetek jakinarazi duenaren arabera, gaur eguerdian zerua ia erabat oskarbi egongo da eta ekialdeko haizeak tenperatura maximoak igandean baino zertxobait gehiago igoaraziko ditu, batez ere kostaldean. Arratsaldean, bero-hodeiak ugaritu egingo dira barnealdean eta mendi inguruetan, eta zaparrada trumoitsuren bat bota lezake.
Gaur udaberria hasi da eta Euskalmetek adierazi duenez, ohi baino euritsuagoa izango da urtaroa, Euskadin.
Iragarpenaren arabera, apirilean eta maiatzean ohi baino euri gehiago egingo du eta ekainean, berriz, eguraldia egonkorragoa izango da.
Tenperaturei dagokienez, hiru hilabeteetan antzekoak izango dira, urtaro horretan izan ohi direnak. Hala ere, Britainia Handiko Meteorologia Zerbitzuaren aburuz, udaberri honetako tenperaturak ohi baino freskoagoak izan litezke.
Apirilean, Iberiar Penintsulan presio baxuak izango dira nagusi eta, horren ondorioz, eguraldia ez da egonkorra izango eta euria egingo du Euskal Autonomi Erkidegoan. Gainera, Euskalmetek ez du aire hotza sartzea baztertzen. Horrek, gainera, maila baxuetan elurra egitea eragin dezake.
Maiatzean, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizeak nagusituko dira eta euria eta tenperatura freskoak ekarriko dituzte. Ekainean, berriz, eguraldi egonkorra izan genezake, presio altuak izango ditugu batik-bat, baina Euskalmetek ez du noizbehinka ekaitzak izatea baztertzen.
Neguari buruz, Euskalmetek adierazi du urtaro lehorra izan dela; izan ere, urtarrilean, otsailean eta martxoan 1971 eta 2000 urte bitarteko batez-bestekoa baino baxuagoa izan da prezipitazio kopurua. Tenperaturak, berriz, urtaro horretarako normalak izan direla, baina ipar-mendebaldean hotzagoak izan diren arren, zehaztu dute.