Gizartea -

Sua

Gero eta sute gutxiago Kantabrian

Bost sutek piztuta jarraitzen dute Kantabrian, guztiak toki garaietan eta malkartsuetan, etxebizitzetatik urrun.

Ur-hegazkin bat kiskalitako eremu baten gainetik pasatzen. Argazkia: EFE
Ur-hegazkin bat Kantabrian.
Suteei aurre egiteko lanean jarraitzen dute Kantabrian

1:29

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan sute kopuruak behera egin du Kantabrian. Euriak eta sua itzaltzeko lanek lagundu dute. Kantabriako Gobernuak egitasmo berezia bertan behera utzi du, eta Larrialdietarako Unitate Militarra (UME) alde egiten hasi da.

Hala ere, alerta maila gorena mantenduko du erkidegoak. Horrela, piztuta diren suteen bilakaera gertutik jarraituko dute, baita iragarpen meteorologikoak ere, eta erkidegoko baliabideek sua itzaltzeko lanean jarraituko dute.

Eguraldiak hobera egin du; izan ere, tenperatura maximoek behera egin dute, hezetasunak gora egin du eta haizearen norabidea aldatu da iparraldera eta ekialdera; azken egunetan piztutako sute gehienak itzali dituzte; etxebizitza eta azpiegituretarako arriskuak behera egin du, eta erkidegoak egungo egoerari aurre egiteko baliabide propioak ditu. Horregatik, UMEko 226 soldaduek eta 58 ibilgailuek alde egingo dute.

Bertako Gobernuak 19:55 aldera emandako azken datuaren arabera, bost sutek piztuta jarraitzen dute Kantabrian, guztiak toki garaietan eta malkartsuetan, etxebizitzetatik urrun. Astelehen honetan guztiak kontrolpean geratzea espero dute.

Guardia Zibilak bi gizonezko atxilotu ditu gertakariekin zerikusia dutelakoan. Bata El Tojo herrian atzeman dute, eta bestea, San Roque del Rio Mieran.

Lehen atxilotua, 35 urteko gizonezkoa, larunbatean harrapatu zuten Saja mendiko magalean, "oraindik bero" zegoen pizgailu bat eskuan zuela. Bestea herritarren laguntzari esker atxilotu dute.

Revilla: "Piromanoa salatu egin behar da"

Hain justu, herritarrei laguntza eskatu die Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak suteak piztu dituztenak atxilotzeko. Baieztatu duenez, bi pertsona atxilotu dituzte, eta epailearen aurrera noiz eraman zain daude.

"Bizilagunak polizia bihurtu behar dira: piromanoa salatu egin behar da. Piromano bat ezkutatzea ez da elkartasuna. Salatu egin behar dugu: pagadi edo harizti bat erretzen den bakoitzean hondamendia da", adierazi du Cadena Ser irrati katean egin dioten elkarrizketa batean.

Suak eremu handi bat hartu du Kantabrian.

Guardia zibil bat suak hartutako leku batean. Argazkia: EFE

Ostegunetik, 160 sute

Ostegunean hasi zen sute oldea. Ordudanik 160 sute izan dira probintzian, batez ere lurraldearen erdialdean. Eguraldiak ez du mesede handirik egin, giro lehorrak eta hego haizeak suari lagundu baitiote. Zorionez, baso sute horiek ez daude jendea bizi den lekuetatik hurbil.

Igandean Baso Suteen Plan Bereziaren 2. maila jarri zuen martxan Kantabriako Gobernuak, eta Larrialdietako Unitate Militarrari laguntza eskatzea ebatzi zuen.

Suteek sastraka guneak erre dituzte, baina baita basoak ere, tartean haritzekin landatutako eremuak.

700 pertsona daude suaren kontrako borrokan lanean: Kantabriako Gobernuko baso langileak, suhiltzaileak eta boluntarioak. Horrez gain, bi ur-hegazkin, hiru helikoptero eta hainbat autoponpa erabiltzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Kantabria