Gizartea -
Indarkeria matxista
Donostian emakume gazteei egindako ustezko erasoak ikertzeko eskatu dute udal taldeek
Berdintasun zinegotziak esan du gutxienez sei neska drogatu dituztela gauean parrandan atera direnean. Eneko Goia alkateak, berriz, salaketarik ez dagoela ziurtatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostian emakume gazteen kontra izan omen diren erasoak ikertzeko eskatu diote gaur udal taldeek Martin Ibabe Segurtasun hautetsiari.
Antza, azkenaldian hainbat neska drogatu egin dituzte, edarian zerbait botata, gauez parrandan atera direnean. Substantzia hori edan ostean, gazteek kontzientzia galdu zuten eta ez dute gertatutako ezer gogoratzen.
Gauzak horrela, gertakariak argitzeko eta drogatuta egon diren denboran sexu-erasorik jasan zuten egiaztatzeko eskatu diote Donostiako udal taldeek Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, "horretarako beharrezkoak diren bitarteko humano eta material guztiak erabilita".
Eneko Goia alkateak azpimarratu du oraingoz inork ez duela erasorik salatu Udaltzaingoan, ezta Ertzaintzan ere.
Alabaina, atzo, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak jakinarazi zuen gutxienez sei kasuren berri izan dutela eta horren ondotik iritsi da gaur talde politikoen eskakizuna.