Gizartea -

Martxoak 8

'Eredu politikoa, ekonomikoa eta soziala aldatzeko' greba feminista deitu dute

Bost ardatzetan antolatu dute mobilizazioa: 'pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista'. Egun osoan zehar daude deialdiak, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan.

Greba deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Bilbon / Irudia: EiTB.
Greba deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Bilbon.
Greba deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Bilbon / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8an kaleak berriz betetzeko deia egin du, "modu masiboan eta aldarrikatzailean eta jai giroan", "eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren aldaketa" eskatzeko. Hala, greba feminista deitu du, "bost ardatzetan antolatuta: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista".

Azaldu dutenez, "askotariko" taldeen greba honetan "zoru komun" bat daukan borroka antolatu dute. Komunean duten oinarri ideologikoa eta helburu politikoa "feminismo antikapitalista-antikolonialista eta antiheteronormatiboa" da.

Esan dutenez, iazko martxoaren 8an "historia egin genuen", baina "hiltzen, kriminalizatzen eta esplotatzen jarraitzen gaituzte". Beraz, "erakunde publikoen benetako esku sartzea" eskatu dute, baita "aurrekontu publiko nahikoak eta benetakoak dituzten" politika feminista "ausartak" ere.

"Dena aldatzera etorri gara", esan dute. 28 aldarrikapen zehatz bildu dituzte. Horien artean daude "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa, gure jendartean, bizitza batzuk beste batzuk baino balio handiagoa daukatelako".

Horrela, "herritartasun eredu inklusibo bati ateak irekiko dion ituna" eskatu dute, eta "lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu-generoaren arteko bereizkeria gainditzeko agenda" bat defendatu dute, "lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko".

Emakumeentzat "enplegu duina" eskatu dute, prekarietatearen eta "inposatutako" jardunaldi partzialen aurka egin dute, eta "soldata arrakalarekin eta behin behinekotasunarekin bukatzeko" neurri eraginkorrak eskatu dituzte.

Beste aldarrikapenen artean daude "etxeko enplegua balioa, aberastasuna eta ongizate soziala sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea", gutxienez 1.080 euroko pentsio "duinak" emakumeentzat, zaintzarako eta menpekotasunari arreta emateko berezko sistema publikoa eta emakume baserritarren estatutua garatzea.

Era berean, "injustizia patriarkala" kritikatu dute, eta "emakumeak berbiktimizatzen dituzten prozedura judizialekin amaitzea" eskatu dute, baita Genero Indarkeriaren Legea zabaltzea ere, "bikote harremanaz gaindi gertatzen diren indarkeria matxista eta LGTBIQ+ fobiaren askotariko adierazpenak barnean hartzeko".

"Indarkeria matxista egoerei aurre egiteko baliabide publiko integral eta eraginkorrak, prebentziorako eta emakumeon ahalduntzerako baliabideak, aniztasun funtzionala dugun emakumeon errealitate espezifikoa bistaratzea eta horri erantzuteko baliabideak ematea eta familia nuklearrean oinarritzen ez diren antolaketak aintzat hartzea" eskatu dute, besteren artean, baita "trans identitateen despatologizazioa" ere.

Bestalde, Atzerritartasun Legea atzera botatzea eta "arrazakeriaren ondoriori aurre egiteko politikak" eskatu dituzte. Europar Batasunaren "migrazio politiko genoziden" kontra egin dute, "mugak ireki eta atzerritarrak barneratzeko zentro guztiak ixteko".

Deialdiak

Martxoaren 8an, goizez eta arratsaldez deitu dituzte mobilizazioak. 12:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte Donostiako Boulevarden, Gasteizko Plaza Berrian, Bilboko Jesusen Bihotzean, Iruñeko Gazteluko Plazan eta Baionako Merkatuen Plazan.

Gainera, 19:00etan manifestazioak daude deituta Antiguotik (Donostia), Golem zinemetatik (Iruñea), Iparraldeko Plazatik (Gasteiz), Errepublika plazatik (Baiona) eta Jesusen Bihotzetik (Bilbo).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Grebak Baiona Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur