Gizartea -
Hilketa
Hiru pertsona atxilotu dituzte, bi EAEn, Santanderren adineko gizon bat hiltzeagatik
81 urteko gizona Santanderren hil zen itota, 2017ko otsailaren 4an.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak hiru pertsona atxilotu ditu, horietako bi EAEn, 81 urteko gizon bat Santanderren hiltzea egotzita. Gizona itota hil zen 2017ko otsailaren 4an; lotuta eta ahoa estalita izan zuten hiltzaileek.
Atxilotutako batek Madrilgo Gurutze Gorriari hilketaren berri emateko egindako dei anonimoaren zabalkundea funtsezkoa izan da hilketa argitzeko; herritarren kolaborazioari eta pertsonen ahotsak identifikatzeko eta jendea aurkitzeko teknika berriei esker lortu zuten deia egin zuen gizona aurkitzea.
Gizon hori EAEn atxilotu zuten urriaren 10ean. Gainera, hasierako atxilotuaren 53 urteko anaia ere atxilotu zuten, eta Santanderreko hirugarren gizon bat, 58 urtekoa.
Poliziaren arabera, arrazoi ekonomikoek eragin zuten hilketa. Adineko gizonak bere etxean zuen dirua, kutxa gotorrean, eta bitxien bila zebiltzan atxilotuak.
Ikerketa oraindik zabalik dago, eta ikertzen ari dira atxilotuek nondik atera zuten biktimaren diruaren eta bitxiei buruzko informazioa. Baliteke laugarren pertsona batek nahigabe edo nahita esan izana.
Hiru atxilotuak espetxe ezberdinetan daude. Horietako batek, lehen atxilotuak, ez du deklaratu nahi izan; beste biek, berriz, oso bertsio ezberdinak eta errealitatearekin bat ez datozenak eman dituztela esan du Poliziak.