Gizartea -

No Phone Day

Mugikorrik gabeko eguna ospatzen da larunbat honetan mundu osoan

Ordulariak, argazki kamerak, GPSak... gailu bat baino gehiago ordezkatu ditu sakelako telefonoak, baina bere erabilerak gero eta arazo gehiago sortzen ditu. 24 orduz alde batera uzteko deia egin dute.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 2 honetan Mugikorrik gabeko Eguna ospatzen da mundu osoan. AEBetan sortu eta nazioartean zabaldu den mugimendu honen helburua 24 orduz sakelako telefonoa alde batera uztea eta bere erabileraren inguruko hausnarketa sakona bultzatzea da.

Izan ere, gero eta gehiago dira mugikorrik gabe etxetik ezin direla atera aitortzen dutenak. Deitzeko eta deiak jasotzeko erabiltzen dugu telefonoa, noski, baina baita beste hamaika gauzatarako ere: lagunekin txateatzeko, argazkiak ateratzeko, ordua begiratzeko, ze eguraldi egingo duen jakiteko, sare sozialetan gure gauzak partekatzeko, albisteak irakurtzeko, bideoak ikusteko, musika entzuteko, online erosketak egiteko.... Espainiako Estatuan pertsona baino mugikor gehiago daude, eta batez beste, bi ordu eta 20 minutu baino gehiago erabiltzen dugu, egunero. Azken inkestek diote, gainera, mugikorra begiratzea dela ohetik jaiki eta egiten dugun lehen gauza, eta ohean sartu aurretik egiten dugun azkena ere bai.

Gauzak horrela, dispositibo horien erabilera kezka iturri bihurtzen ari da: gora egin dute mugikorrarekiko adikzio kasuek nahiz hori erabilita egiten diren jazarpen kasuek, adibidez; eta gero eta adin gutxiagoko haurren esku egotea ere kontuan izateko datua da.

Hausnarketa hori bultzatzeko sortu zuten duela urte gutxi No Phone Day edo Unplugging Day, eta ideia honekin bat egin nahi dutenek hauxe egin behar dute: mugikorra itzali 24 orduz, eta gure bizitzan ze paper eta ze leku izatea nahi dugun ondo pentsatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Teknologia Telefonia mugikorra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak