Gizartea -
ETB-ren ESKLUSIBA
Arabako eliteko kirolari ohi bat salatu dute milioi askotako iruzurra egiteagatik
Salatzaileen arabera 1.000 kaltetu inguru daude Espainiako Estatuan eta iruzurra 22 milioi ingurukoa da. Biktima batzuk eta hauen abokatuak ETBn eman dute euren lekukotza.
EITB.EUS
ETBk jakin ahal izan duenez aste honetan kereila bat jarri dute iruzurragatik Gasteizeko epaitegietan, Arabako eliteko kirolari ohi baten eta beste bi pertsonaren aurka: kirolariaren arreba eta ustezko bazkide bat. Salaketa onartu da, eta ikerketa irekitzeko zain daude orain.
Akusatu nagusia Arabako kirolari profesional ohi bat da. Bere kirol ibilbidearen ostean aberasteko metodoen inguruko hainbat liburu idatzi ditu, eta nola inbertitu irakasteko hitzaldiak eman ditu hainbat urtez. Factor K markaren arduraduna da.
Espainiako Estatu osoan 22 milioi euroko iruzurra egitea leporatzen diote, 8 milioi EAEn. Guztira 1.000 kaltetu inguru omen daude, horietako 300 euskal herritarrak.
Hiru biktimaren ordezkaria da Chavarri Abogados taldea, eta bertako abokatu batek ETBn azaldu duenez, 500.000 euro baino gehiago galdu dute bere bezeroek. "Euren brokerra izatea eskaintzen zien eta dirua eskatzen zien inbertitzeko".
Antza denez inbertsio-zorroak online kudeatzen erakusteko ikastaroak antolatzen zituzten akusatuek, eta ikastaro horietan topatzen zituzten biktimak. Diru deposituak euren esku uzteagatik interes altuak eskaintzen zizkieten: %7 urtebetera, %16 bi urtera, %30 hiru urtera, %44 lau urtera, %60 bost urtera eta %78 sei urtera.
Prentsa eta irratian iragartzen zituzten ikastaroak, eta Estatu osoko hoteletan ematen zituzten, gehienak Gasteizen bertan izaten ziren arren. Gutxienez 2007tik zeukaten martxan negozioa.
Adin eta klase sozial guztietako pertsonak daude dirua galdu dutenen artean. Bik euren lekukotza eman dute ETBn. Batek 30.000 euro galdu ditu, eta besteak 50.000tik gora.
2016an hasi omen ziren arazoak. Dirua berreskuratu nahi zutela esan ziotenean, kirolari ohiak "arazoak" zeudela eta berak jada "ez zuela gai hori eramaten" erantzun zien.
"Finantzen guru arabarra iruzurgile bat dela erakutsi" eta euren dirua berreskuratu nahi dute biktimek, "berak baitu dirua".
Pertsona hori aurkitzea ia ezinezkoa da, eta Justiziarengan jarri dute itxaropen guztia.