Gizartea -

Sutea

Muskizko sutea erabat itzalita dago

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikerketa abiatu du, sua nahita eragindakoa izan daitekeelakoan.

Sutea Muskizen. Argazkia: EiTB
Sutea Muskizen. Argazkia: EiTB
Muskizeko sutearen azken fokua itzaltzeko lanean ari dira

1:26

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suhiltzaileek Muskizko sutea erabat itzaltzea lortu dute, goiz osoa lanean eman eta gero. Izan ere, Carrascal auzoko Posadero mendiko fokua piztuta jarraitzen zuen goizean goiz; beste biak, Pobeñakoa eta Rigadakoa itzalita zeuden jada.

Suak 50 eta 60 hektarea baso inguru kaltetu ditu. Eusko Jaurlaritzak, antza, nahita piztutako sutearen nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatuko duela esan du.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikerketa abiatu du, sua nahita eragindakoa izan daitekeelakoan.

Garrak Muskizko Petronor plantara gerturatzen ari zirela gezurtatu du Muskizko Udalak. Aipaturiko informazioa bolo-bolo zabaldu zen atzo, bizilagunen artean egonezina eraginez.

Atzo, hainbat familia etxetik atera zituzten Muskizen piztutako hiru suteen ondorioz. Gurutze Gorriak etxetik atera zituzten herritarrentzako aterpea jarri zuen kiroldegian. Dena den, azkenean inork ez du gaua etxetik kanpo igaro eta, beraz, ez du inork aterpe beharrik izan.

Sua 19:30 aldera piztu zen hiru toki ezberdinetan: Carrascal, Pobeña eta Rigada. Hori dela eta, sua nahita eragindakoa izan dela uste dute. Hala baieztatu zuen Borja Liaño Muskizko alkateak Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.

Suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean ari dira. Bizkaiko suhiltzaileak ez ezik, Castroko suhiltzaileak ere suaren aurkako borrokan ari dira Muskizen.

Hainbat orduz itxita egon ostean, N-634 eta AP-8 errepideak 02:00 aldera ireki dituzte.

Borja Liaño, Muskizko alkatea: "Itxura denez, sutea nahita eragindakoa izan da"

Oraindik suteak nola piztu diren argitu ez badute ere, "antza denez, nahita eragindakoak izan dira", Borja Liaño Muskizko alkateak aurreratu duenez. "Hipotesi hori baieztatzen duen elementuren bat bilatzen dabil Polizia", gaineratu du.

Liañok hunkituta gogoratu du bart bizitakoa: "Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera, etxez etxe joan ginen, bizilagunak handik ateratzeko".

Dena dela, ezbehar larri horri alde positiboa atera nahi izan dio: "Lan bikaina egin dute".

Azken orduotan Muskizkoaz gain, beste hainbat piztu dira han eta hemen: Igorren, Ortuellan, Amoroton eta Eibarren. Dena den, horiek guztiak itzali dituzte dagoeneko.

Atzo, igandea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bi abisu hori ezarri zituen: bat, sute arriskuagatik, eta bestea, hegohaize bolada indartsuengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Suteak Muskiz Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Suhiltzaileak