Gizartea -

Nahita eragindako sutea

Itzali dituzte Muskizen berriz piztu diren suteak

Arrietan, Gernikatik gertu, sute batek bi hektarea erre ditu eukalipto baso batean.

Muskizko suteetako bat berriro piztu da. Argazkia: Asier Sanchez
Muskizko suteetako bat berriro piztu da
Muskizko suteetako bat berriro piztu da. Argazkia: Asier Sanchez

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

110 hektarea kiskali zituen sutea erabat itzali zuten igande gauerdian. Alabaina, haize zakarrak eraginda, astearte honetan berriz ere piztu dira hiru sute bertan. Dena dela, dagoeneko itzali dituzte suhiltzaileek.

Euskal Autonomia Erkidegoan abisu horia ezarri dute gaur, haize-ufada bortitzengatik.

Bien bitartean, nahita eragindako sutearen egileen bila dabil Ertzaintza.

Gaur bertan, Muskizen (Bizkaia) igandean izandako sutea pizteko etxean egindako gailu bat atzeman du kiskalitako eremuan.

Ertzaintzak Ingurumenaren kontrako delituak ikertzeko duen taldearen buruak, Juan Carlos Gomezek, baieztatu duenez, benda batzuekin bildutako bihurkin bat da aurkitutakoa. Pertsona batek horri su eman ziola eta hainbat lekutan suteak piztu zituela uste du Ertzaintzak.

Gomezek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, pertsona horrek hainbat sute-sorgune piztu zituen, batetik bestera oinez edo autoa erabilita. Hiru sorgune izan ziren: bata, Carrascal auzoko Posadero mendian; bestea, Pobeñan, eta hirugarren bat, Rigadan.

Sutea Arrietan

Bestalde, Gernikatik gertu, Arrietan, ere sutea piztu da arratsalde honetan, eta Bizkaiko hainbat herritako suhiltzaileak bertaratu behar izan dira. Itzalita dago jada.

Sutearen berri 16:50ean izan dute suhiltzaileek.

Guztira, bi hektarea erre dira eukalipto baso batean, baina ez da kalte pertsonalik ezta materialik ere jazo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Suteak Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak