Gizartea -
Ez dute dirua itzuliko
Auzitegi Nazionalak kanon digitala baliogabetu du
Lan baten kopia egiteagatik autore batek duen diru galera konpentsatzen zuten neurri horren bitartez, KDei, disko gogorrei eta beste hainbat euskarriri zerga berezia jarriz.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzietako Salak kanon digitala baliogabetzea erabaki du baina, zuitegietako iturriek azaldu dutenez, bildutako dirua ez dute bueltatuko.
Salaren arabera, kanona arautzen duen agindu ministeriala arautegi bat da eta, ondorioz, onarpenak hainbat izapide behar ditu, memoria justifikatiboekin eta ekonomikoekin lotura dutenak, baita Estatuko Kontseiluaren irizpena ere, eta ez zuen horrelakorik bete.
Beraz, arauak ez du beharrezko onarpenik jaso, Auzitegi Nazionalaren iritziz.
Kanon digitalaren bidez, egileek euren lanaren kopia egiten zen bakoitzean dirua jasotzea bermatu nahi zuen Gobernuak. Horretarako, CDei, DVDei eta disko finkoei zerga berezi bat ezartzea adostu zuen.
EBek "zuzenbidearekin bat ez datorrela" erabaki zuen
Legearen kontrako helegitea aurkeztu zutenek, Konstituzioaren eta Jabetza Intelektualaren kontra doala argudiatu dute. Horrez gain, kanona legearen aurreko berdintasunaren, enpresa askatasunaren eta kulturaz eta zientziaz askatasunez disfrutatzearen kontra zihoala esan dute.
Espainiako sistema Europako zuzenbidearekin bat ez zetorrela erabaki zuen Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak; batez ere, kopiarako euskarriak enpresa batek edo profesional batek erosten dituenean kopia pribatuak ez diren gainontzeko erabiletarako. Hala ere, partikularrek erosten zituztenean kanona zuzena zela ondorioztatu zuen.