Gizartea -
Ezbeharra itsasoan
Eguraldi txarrak bertan behera utzi ditu erreskate lanak Zierbenan
Bost lagunetako bi ostiralean erreskatatu zituzten hipotermiak jota. Erandioko taldea arrantzatzera atera zen ostegunean eta euren ontzia irauli zen.
Erredakzioa
Zierbenan ontzia irauli eta itsasoan galdutakoen hiru lagunen bilaketa lanak 18:30ean eten dituzte eguraldi txarraren ondorioz. Igande honetan Oriñon eta Matxitxako arteko gunea arakatu dute, baina galduta dauden hiru pertsonen arrastorik aurkitu gabe. Astelehenean berriro bilatuko dituzte, 08:00ak aldera hasita.
Guztira bost pertsona zihoazen ontzian, bi erreskatatu zituzten ostiralean, kostatik 13 miliara; ontziaren gainean zeuden aurkitu zituztenean.
Berdela arrantzatzera atera ziren ostegun arratsaldean eta portura ez zirela itzuli ikusita, senideek abisua eman zioten Ertzaintzari 22:00ak aldera. Orduan, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Itsas Salbamenduko taldeak bilaketa dispositiboa jarri zuten martxan.
Ertzaintzako iturriek eta Marcelino Elorza Zierbenako alkateak azaldu dutenez, bost lagunak ostegunean abiatu ziren Zierbenako portutik sei metro inguruko itsasontzi batean, hego haizea gogor jotzen ari zen momentu batean.
Ostiraleko 07:30ak aldera itsasontzia kostatik 13 miliara, iraulita, aurkitu zuten eta gainean bi pertsona zeuden bizirik: 11 urteko mutil bat eta gizon bat. Biak hipotermiak jota eraman zituzten Santurtziko portura, eta handik Gurutzetako ospitalera.
Zierbenako taberna batean lan egiten duen emakume batek azaldu zuenez, bost arrantzaleak tabernatik pasatu ziren ostegun arratsaldean garagardoa eta limoizko freskagarri bat erosteko. Gainera, erandiotarrak dira bost lagunak, eta haietako bat Bilboko udaltzaina da.