Gizartea -
Pederastia
George Pell Australiako kardinalari sei urteko kartzela zigorra ezarri diote
Orain dela 20 urte gertatutako bost pederastia deliturengatik ezarri diote espetxe zigorra Vatikanoko hirugarrena izan zenari.
Agentziak | Erredakzioa
George Pell Australiako kardinalari orain dela 20 urte gertatutako bost pederastia deliturengatik sei urteko kartzela zigorra ezarri diote; Pell Vatikanoko hirugarrena izan zen.
Hiru urte eta zortzi hilabeteko espetxealdia bete beharko ditu baldintzapeko askatasuna eskatu aurretik; horrenbestez, 2022ko urritik aurrera eskatu ahal izango du espetxetik ateratzea.
Epaileak hainbat eragile kontuan hartu ditu zigorra ezartzeko; esaterako, adina, osasun egoera, berrerortzeko aukera edo kardinalaren azken urteotako jokabidea. Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatzen zituen Pellentzat delitu bakoitzagatik.
"Ezarri diodan espetxealdiaren iraupena dela eta, baliteke bizirik ez irautea aske izateko garaia heltzen zaionerako", esan du epaileak. Bestalde, zigorra deliturik larriena kontuan hartuta jarri diola esan du magistratuak.
Erasoak eman ziren garaian, kardinala Melbourneko artzapezpikua zen; orduan "ezohiko harrokeriaz" jokatu zuela esan du epaileak. Epaiketan, berriz, "ez du kontzientziako alhadura erakutsi, eta errugabea dela" esan du.
1996an, bi umeri sexu-abusuak egitegatik zigortua izan ostean, otsailaren 27an atxilotu zuten. Umeek 13 urte zituzten eta Melbourneko St Patrick's eliza nagusiko abesbatzako kideak ziren.