Gizartea -

Sexu abusuak

Bilboko jesuiten ikastetxeak abusuak jasan zituzten 3 ikasleren lekukotzak jaso ditu

Ikastetxeko zuzendariak baieztatu duenez, hiru dira orain arte jasotako testigantzak. Sexu abusuak duela 30 urte inguru gertatu ziren, eta dagoeneko hilda dagoen irakasle bati egotzi dizkiote.

Bilboko Indautxu auzoko jesuiten ikastetxea. Argazkia: Wikimedia Commons
Bilboko Indautxu auzoko jesuiten ikastetxea
Bilboko Indautxu auzoko jesuiten ikastetxea. Argazkia: Wikimedia Commons

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Indautxu auzoan dagoen jesuiten ikastetxeak ostegun honetan jakinarazi duenez, iraganean bertako irakasle batek egindako sexu abusuak salatzen dituzten hiru testigantza jaso ditu. Ofizialki Nuestra Señora de Begoña izena duen ikastetxeak "Adin txikikoak babesteko konpromisoa" izeneko oharra argitaratu du, Jorge Urrutia zuzendariak eta elkarteko arduradunak sinatuta. Bertan, orain arte jasotako lekukotzak irakur daitezke.

Urrutiak berak ETB2ko 'En Jake' saioari baieztatu dionez, hiru dira orain arte jasotako testigantzak. Sexu abusu horiek duela 30 urte inguru gertatu ziren, eta dagoeneko hilda dagoen irakasle bati egotzi dizkiote.

Testigantza horiek jaso ostean, eta Aita Santuak pederastiaren aurka egindako adierazpenetan oinarritua, biktimen lekukotasunak entzuten, jasotzen eta babesten saiatuko dela azaldu du ikastetxeak, eta baita jazarpen egoerei edo abusuei aurre egiten ere. Horretarako, Elizak ezarritako ildoak izango dituzte ardatz.

"Zorionez, gure gizartean nabarmen egin du aurrera gai honen aurrean erakutsitako sentsibilitateak. Gainera, hezitzaileok ere horretaz kargutu gara, eta jakin badakigu ze garrantzitsua den sexu abusuak saihestea eta adin txikikoen eta irakasleen arteko harremanei buruzko heziketa zuzena ematea", esan dute aipatu ikastetxeko iturriek.

Bestalde, ikastetxeak "harrera taldea" sortu du abusuak jasan zituzten ikasle ohiei laguntzeko asmoz. Helburua biktimen testigantzak entzutea eta haiek babestea da.

"Sexu abusuak gaitz bat dira gure gizartean. Zoritxarrez, arlo eta erakunde askotan daude abusuak. Ikastetxeek lagundu dezakete, eta guk geuk ziur dakigu egunerokotasunean egiten ari garen ahaleginak emaitza onak emango dituela. Hala, hezitzaileok ilusioz egiten dugu gure lana, ikasleek ikastetxeaz gozatzeko aukera dute, eta familiak lasai daude seme-alabak babestuta dituztelako", dio idatziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Delituak bideoak Gizartea Aita santua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak azken ordukoa Sexu erasoak Sexu abusuak Eliza Katolikoan Gotzain Biltzarraren albisteak gaur