Gizartea -

Abusuak adingabeei

Karguekin libre utzi dute sexu abusuengatik salatutako Basauriko entrenatzailea

Azken hilabeteetan zazpi salaketa jaso ditu 60 urteko gizonak. Baskonia Futbol Eskolak prestatzailea kaleratzea erabaki zuen.

Adingabeei egindako abusuen kontrako elkarretaratzea, Basaurin / Irudia: EiTB.
Adingabeei egindako abusuen kontrako elkarretaratzea, Basaurin.
Adingabeei egindako abusuen kontrako elkarretaratzea, Basaurin / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko epaitegi batek karguekin libre utzi du Basauriko futbol eskola batetik kanporatutako entrenatzailea, sexu abusuak leporatuta zenbait salaketa jaso zituena. Ertzaintzak asteartean atxilotu zuen.

Poliziak baieztatu duenez, 60 urteko gizon bat atxilotu zuen, adingabeko bati abusuak egitea leporatuta. Epailearen aurrean igaro da, eta deklaratu ondoren, karguekin libre geratu da.

Ikerketa iturrien arabera, azken hilabeteetan bere kontrako zazpi salaketa jaso dituen entrenatzailea da gizona.

Salatzaileak adineko pertsonak dira jadanik; izan ere, duela 30 urte gertatutakoa salatu dute; ondorioz, delituak preskribaturik egongo lirateke.

Aurrena, umetan sexu-abusuen biktima izan zela salatu zuen gizon batek bideo batean, sare sozialetan.

“Lotsa, atsekabea eta beldurra” gainditzeko 25 urte baino gehiago behar izan dituela ziurtatu zuen gizonak bideoan. Futbol taldeko entrenatzailearen sexu-abusuen biktima izan zela azaldu zuen.

Grabazioa argitaratu ondoren, Baskonia Futbol Eskolak prestatzailea kaleratzea erabaki zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Sexu erasoak