Gizartea -

Legionella

Gasteizko legionellosi agerraldia bukatutzat eman du Osakidetzak

Urtarrilaren 7tik eta otsailaren 12ra arte bederatzi pertsona gaixotu zituen legionella bakterioak. Ez da kasuen arteko loturarik topatu.

Txagorritxuko ospitalea, Gasteizen / Irudia: EiTB.
Txagorritxuko ospitalea, Gasteizen.
Txagorritxuko ospitalea, Gasteizen / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun sailak eta Osakidetzak bukatutzat eman dute Gasteizen urtarrilaren 7tik otsailaren 12ra bederatzi pertsona gaixotu zituen legionellosi agerraldia. Ez da loturarik aurkitu bederatzi kasuen artean; denboran bat etorri direla baino ez.

Komunikatu batean, Osasun sailak gogorarazi du gaixo guztiak —30 eta 86 urte arteko sei gizon eta hiru emakume— ospitaleratu behar izan zituzten. Horietako bi zainketa intentsiboen unitatera eraman zituzten. Guztiek jaso dute alta. Gainera, bakterioa topatu den bost lekuak garbitu eta desinfektatu dituzte.

Protokoloa aktibo mantendu duten denboran kontrolak areagotu dira Arabako hiriburuan, sortu zen lekua zein den jakiteko. Batez ere, hozteko dorreak eta inguruak arakatu dira -70 bat-, enpresetan, merkataritza zentro handietan eta eraikin publikoetan, baita gaixoak ibili ziren lainoztagailuak eta automobil-garbitzaileak.

Gainera, iturri apaingarri guztiak itxi dira, garbitu eta desinfektatzeko. Zisterna-kamioiak eta ura hartzeko erabiltzen duten iturria ere miatu dira.

Kontrol honen ondorioz, Legionella pneumophila (1. serotaldea) bakterioa aurkitu dute hiru hozteko dorretan eta bi zisterna-kamioitan. Garbitu eta desinfektatu egin dituzte, eta kamioien kasuan, baztertu egin dituzte.

Legionella hori eta gaixoengan aurkitutakoa bakterio bera den ikertzen ari dira orain. Horrek kutsatze iturria edo iturriak ezagutzen lagunduko die.

Zer da legionella?

Legionellosia Legionella izeneko bakterioak eragiten du. Ingurunean dago, kasu gehienetan ibai eta lakuetako uretan. Baldintza fisiko-kimiko zabaletan bizirauteko gai da hirietako ur-horniketa sistemetara heldu arte, eta tenperaturaren arabera hedatzen da.

Horregatik, ur beroetako sistemak, dutxak bezala, edo aire girotuko dorreak, bakterioa garatzeko toki aproposenak dira. Ez da pertsona batetik bestera transmititzen, bakterioak kutsatutako aerosolak arnastuta baizik.

Bi eta hamar egun behar ditu inkubatzeko. Legionellosia antibiotikoen bitartez sendatzen da, erraz, baina kasu larrietan ospitaleratzea beharrezkoa izaten da.

2018an, Euskal Autonomia Erkidegoak 118 kasu izan ziren (100.000 biztanleko 5). Lurraldeka, Araban 18 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 54, eta Bizkaian, 46.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak