Gizartea -
ERASOA
Gizon bat atxilotu dute Lasarten beste bati kuter batekin eraso egiteagatik
Atzo izan zen erasoa, Pablo Mutiozabal kalean. Biktima Donostia Ospitalera eraman zuten, zaurituta. Atxilotuak aurrekariak ditu, antzeko delituengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
38 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Lasarten beste bati kuter batekin eraso egiteagatik. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atxilotuaren 18 urteko semeak ere parte hartu zuen erasoan.
Pablo Mutiozabal kalean izan zen erasoa, igande goizaldeko 06:30 inguruan. Ertzaintzaren arabera, aita-semeen erasoa jaso ondoren, biktimak ihes egitea lortu zuen, eta lagun baten etxera joan zen. Azken horrek deitu zuen larrialdietako zerbitzura, gertatutakoaren berri emateko.
Hasieran, etxean bertan artatu zuten biktima, eta Donostia Ospitalera eraman zuten ondoren.
Lasarteko Adarra plazako eraikin baten bebarruan aurkitu zituzten bi erasotzaileak, eta bertan hartu zuten preso horietako bat, lesio delitua egotzita. Antza, semeari ere hainbat zauri egin zizkion kuterrarekin.
Ertzaintzak zabaldu duenez, jarrera "oso erasokorra" agertu zuten biek agenteen aurrean.
Datozen orduotan eramango dute atxilotua epailearen aurrera. Aurrekari ugari ditu antzeko delituengatik.
Semeari, berriz, izapideak zabaldu dizkiote, lesio delitua eta hainbat autori kalteak eragitea egotzita.