Gizartea -
Polizia-operazioa
Atrakatzaile banda bat desegin dute Bilbon
Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak eta Esquadra Mossoek elkarlanean egindako operazioan bost lagun atxilotu dituzte, Cambrilseko kutxazain baten ustezko hiltzailea besteak beste.
Erredakzioa
Poliziak bost lagun atxilotu ditu atrakatzaile banda bateko kideak izatea leporatuta Bilbon, Portugaleten eta Castro Urdialesen (Kantabria), polizia-iturriek jakitera eman dutenez. Atxilotuen artean Cambrilseko kutxazain baten ustezko hiltzailea omen dago.
Espainia osoan egindako lapurretekin daude lotuta gaur atxilotu dituzten herritarrak; dena dela, delitu gehienak Kantauri isurialdean egin omen dituzte.
Poliziak sei etxebizitza miatu ditu operazioaren baitan, lau Bilbon (jatetxe bat eta hiru etxebizitza), bat Portugaleten eta beste bat Castro Urdialesen.
Leporatzen dizkieten delituen larritasuna eta kopurua kontuan izanda, Poliziak dio bortxazko lapurretetan indar handiena izan duen lapur taldea dela desegindakoa.
Krimen larriena 2008ko urriaren 25ean egin omen zuten. Estela Calduch Santander banketxeko egoitza bateko 25 urteko kutxazaina lapur talde honek hil zuela uste du Poliziak. Kutxazainak tiroa jaso zuen lepoan eta odolustuta hil zen.
Bi atrakatzaileak aurpegia agerian zutela sartu ziren banketxearen egoitzan eta segurtasun kamerek grabatu egin zituzten.
Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak eta Esquadra Mossoek elkarlanean egindako operazioa izan da gaurkoa. Azken hilabeteotan Ertzaintzaren Erandioko egoitzan lan egin dute agenteek.
Gaur 10:30ak aldera, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak prentsaurrekoa emango dute operazioaren nondik norakoak azaltzeko.