Gizartea -
Posta elektroniko bidez
Euskalmetek meteorologia abisuak Nahieran jasotzeko zerbitzua jarri du abian
Informazio-erreminta berriak baldintza meteorologiko txarren aurreikuspenei buruzko datu zehatzak emango dizkio nahi duenari eta dohainik posta elektronikoaren bidez.
Agentziak | Erredakzioa
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak Segurtasun Sailaren meteorologia abisuak Nahieran jasotzeko zerbitzua aurkeztu du ostegun honetan.
Orain arte, baldintza meteorologiko txarren ondorioz Segurtasun Sailak aktibatzen zituen oharrak prebentzio-lanetan inplikatutako organismoei eta erakundeei bakarrik bidaltzen zitzaizkien mezu elektronikoen eta SMS bidez.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak 2018an bakarrik 37.412 SMS eta 302.251 mezu elektroniko bidali zituen.
Informazio-sistema instituzional horrek aurrerantzean ere bere horretan jarraituko du, baina hemendik aurrera, eta "Eskatu ahalako jakinarazpenak" sistema berriari esker, edozein pertsonak jaso ahal izango ditu ohar horiek bere helbide elektronikoan.
Horretarako, alta hartu beharko du SOS-Deiak zerbitzuaren webgunean, eta aldez aurretik aukeratu beharko du EAEko zein eremu geografikori/ei buruzko informazioa nahi duen eta ze fenomeno interesatzen zaion.
Zerbitzu berri horretan alta hartzen dutenek, mezu elektronikoak jasoko dituzte abisuak aktibatzen diren bakoitzean: abisu horiak (ez dago arriskurik biztanleria orokorrarentzat, baina bai jarduera jakin batzuentzat), alerta laranjak (arrisku meteorologiko esanguratsua dago) eta alarma gorriak (arriskua handia da ohikoak ez diren eta ezohiko intentsitatea duten fenomenoen inpaktuagatik).
Alerten inguruko informazioa. Argazkia: irekia.euskadi.eus
Meteorologiaren Mundu Eguna dela-eta, Euskalmetek zerbitzu berria aurkeztu du. Euskalmeten instalazioetan egin den ekitaldian Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua izan dira.
Beltran de Herediaren esanetan, "aurrerapauso bat da, kaltegarri suerta dakizkigun meteorologia-fenomenoen aurrean norberak hartu ahal eta hartu behar dituen autobabes-ekintzak hobetzeko garrantzi handikoa dena, zalantzarik gabe".