Gizartea -
Azken saioa
Berdintasunerako Foru Legea onartu du Nafarroako Parlamentuak
Legealdi honetako azken saioan, Ana Ollok esan du helburua berdintasunaren alde lan egitea eta dela, modu horretan, herritarren bizitza kalitateak hobera egitea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legea onartu du ostegun honetan, UPNk eta PPk kontra bozkatu badute ere. Legealdiko azken saioa izan da gaurkoa. Bertan, Nafarroako zenbait erakundetako ordezkariek hartu dute parte, eta txalo artean jaso dute aipatu legearen onarpena.
Ana Ollo kontseilariak, bere aldetik, ozen esan du emakumeen eta neskatoen ahalduntzea erdigunean jarriko duela lege berriak.
Halaber, Ollok gogora ekarri du helburua berdintasunaren alde lan egitea dela eta, modu horretan, herritarren bizitza kalitateak hobera egitea. Izan ere, bere hitzetan, edozein herriren oinarrizko eskubideetako bat da berdintasuna.
Nolanahi dela, oraindik ere "genero ezberdintasunak eta oztopoak existitzen dira, dela hezkuntzan, dela enpleguan, dela kirolean" adierazi du.
"Berdintasunak ez du atzerapenik onartzen. Nafarroako Kontseiluak lege proiektuaren hainbat puntu zalantzan jarri zituen eta aldatu egin genituen, nahiz eta Gobernua eta laukoa ados ez egon", ziurtatu du.
Geroa Baiko Virginia Aleman, bestalde, pozik agertu da erabakiarekin, laukoak legealdi hasieran hartutako konpromisoak bete dituelako eta Berdintasunerako Foru Legeak bizitzako alor askotan berdintasuna ahalbidetuko duelako.
EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere positibotzat jo du legearen onarpena, diskriminazioekin bukatuko duela iritzita.
Nafarroako Ahal Duguren izenean, Tere Saezek adierazi du "helmugarik gabeko bidea da berdintasuna". Horrez gain, Nafarroako feminismoaren etengabeko bultzada eskertu du.
PSNko Nuria Medinaren esanetan, "berdintasun eraginkorra errealitate izatetik oso urruti dago" oraindik. Horregatik, "nahitaezkoa" da Berdintasunerako Legea onartzea, "borroka horretan erremintak izan ditzagun", azaldu du.
I-Eko Marisa Simonek azpimarratu du lege horrekin bide berri bati ekin diotela, berdintasun eraginkorrari ateak irekiko dizkiolako. Horretarako, baina, "eredu aldaketa" eta "feminismo gehiago" behar direla berretsi du.
Kontrara, Ana San Martin UPNko bozeramaileak kritika gogorra egin dio berdintasunari buruzko "eztabaida maltzurrari", Gobernuak hezkidetzaren inguruan duen ideiari, eta lanean ari diren amen "tratu fiskalari".
Ildo berean, PPko Javier Garciak Skolaeren oinarria salatu du, bere alderdiak "berdintasuna eta askatasuna" defendatzen dituela argi utzita.