Gizartea -
Istripua
Urtebeteko ume bat hil da Azkoienen izandako istripuan
Ibilgailua errepidetik atera da. Autoan 35 urteko emakume haurdun bat eta urtebeteko umetxo bat zihoazen. Talkak bigarrena ibilgailutik bota du, eta bertan hil egin da.
EITB.EUS
Urtebeteko mutiltxo bat hil da gaur gauean Azkoienen, AP-15 autobidean, izan den auto-istripuan, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Gertakaria 20:09 aldera jazo da. Ibilgailua errepidetik atera da, ezkerraldetik, hain zuzen ere. Hegoaldeko noranzkoan zihoan ibilgailuak erdibitzailea zeharkatu eta iparraldeko noranzkoan talka egin du, Foruzaingoak zehaztu duenez.
Autoan 35 urteko emakume haurdun bat eta urtebeteko umetxo bat zihoazen. Talkak bigarrena ibilgailutik bota du, eta bertan hil egin da. Istripuaren tokian emakumearen senarra azaldu da. Biak ospitalera eraman behar izan dituzte krisi egoeran.
Tuterako polizia-etxeko foruzainak gertatutakoa ikertzen ari dira. Tuterako eta Iruñeko patruilak bertaratu dira, baita Tafallakoak ere.
Istripuaren ondorioz pilaketak sortu dira.
Goizean beste lagun bat hil da N-121 errepidean, Tebas parean, izan den istripu larrian.