Gizartea -
GERTAKARIA
Emakume baten gorpua aurkitu dute Azkoitian sutea izandako garajean
Garajean aurkitutako gorpua 57 urteko emakume batena da; kiskalitako autoaren jabearena, hain zuzen. Sutearen jatorriari dagokionez, oraingoz, hipotesi guztiak daude zabalik.
EITB.EUS
Emakume baten gorpua aurkitu dute Azkoitian, atzo sutea izandako lur azpiko garajean, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Atzo arratsaldeko 16:00etan piztu zen sua, Bizkargi plazako garaje batean, eta gaur lortu du Ertzaintzak barrura sartzea, auzitegiko mediku baten laguntzarekin; iturri horren arabera, kiskalita zegoen auto baten barruan aurkitu dute gorpua.
Hilotza Azkoitiko 57 urteko emakume batena da; kiskalitako autoaren jabearena, hain zuzen. Larunbatean bertan, biktimaren senitartekoek haren faltaz ohartarazi zituzten larrialdi zerbitzuak.
Nolanahi dela, emakumearen gorpua gaur goizean aurkitu dute. Izan ere, tenperatura altuengatik eta garajean zegoen kearen ondorioz, ezinezkoa izan dute kiskalitako autoa miatzea.
Segurtasun Sailak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko. Hasiera batean, sutea kuadro elektrikoan piztu zela pentsatu zuen Ertzaintzak. Halere, gorpua aurkitu duteneik beste hipotesi batzuk ari dira aztertzen.
Hori dela eta, Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute gorpua, bertan autopsia egin diezaioten.
Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak deituta, Bizkargi plazako bizilagunek bilera egin dute gaur arratsaldean. Berrehun bat auzokidek parte hartu dute bertan. Dirudienez, garajeak kalte handiak ditu, eta oraingoz bizilagunek ez dute bertara sartzeko aukerarik izan. Halere, batzarrean erabaki dute udaltzainen laguntzarekin txandaka jaitsiko direla, autoa hartzera. Adostutakoaren arabera, garajera sartzeko orduan astelehenean lanera joan behar dutenek izango dute lehentasuna.
Horixe da, hain zuzen, Ixabel Jauregi Alberdi bizilagunak Euskadi Irratian esandakoa. Besteak beste, suteak eragindako kalteez ere mintzatu da. Oraindik ez dakite zenbaterainoko kalteak eragin dituen suak, baina hoditeria erabat erre omen da, etxebizitza askotan telefono linearik gabe daude, 5. atariko etxebizitzetan ura belztuta ateratzen da, eta, beraz, ezin dute iturriko urik edan.
Gainera, hormak, lurra eta leihoak oso zikin utzi ditu suak. Gauzak horrela, luze joko du guztia bere onera ekartzeak. Aurreratu dutenez, ibilgailuak garbitzeko gune bat egokituko dute eta, kalteak izan dituzten bizilagunei laguntzeko baliabideak jarriko dituzte.
Ezbeharraren aurrean, doluminak helarazi dizkie Udalak hildako emakumearen gertukoei.