Gizartea -
Bizkaia
Txirrindulari bat hil da auto batek harrapatuta, N-633an, Markina-Xemeinen
39 urteko biktimak konortea galdu du. Helikoptero batek Gurutzetako Ospitalera eraman du. Ordu batzuk geroago bertan hil egin da.
eitb.eus
39 urteko txirrindulari bat hil da da astearte goizean, furgoneta batek harrapatuta, N-633an, Markina-Xemeinen (Bizkaia), Gurutzetako Ospitaleko iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez. Hildakoa markinarra zen.
Istripua 10:10ean izan da. Helikoptero bat bertaratu da biktima artatzeko eta zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman du, konortea galdu baitu. Bizi-konstanteak berreskuratzeko, 25 minutuz bihotz-biriketako bizkortzea egin behar izan diote.
Txirrindularia Gurutzetako Ospitalean hil egin da ordu batzuk geroago, iturriek jakinarazi dutenez.
N-633 errepidea itxi dute eta auto-ilarak sortu dira; hala ere, ondoko industriagune batetik bideratu dituzte ibilgailuak eta 12:00etan berriro zabaldu dute N-633 errepidea.