Gizartea -
UPV/EHU
Mendiko erreskate taldeetan osasun langileak izatea proposatu du ikerketa batek
Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek azken urteotako erreskateak aztertu ditu, eta, ikerketaren arabera, duela 20 urte baino hiru aldiz handiagoa izan da 2018an gertakari eta istripu kopurua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzaren erreskate taldeetan medikuak eta erizainak egotea proposatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerketa talde batek, besteak beste, mendian izandako istripuetan zauritutako pertsonak "tokian bertan" artatzeko.
Sendoa Ballesteros UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea buru duen taldeak azken urteotan mendian izandako erreskateak aztertu ditu. Ikerketaren arabera, duela 20 urte baino hiru aldiz handiagoa izan da 2018an mendian izandako gertakari eta istripu kopurua.
Zehazki, 1996tik 2018ra Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) mendietan izandako istripuak eta gertakariak ikertu dituzte, Ertzaintzaren urteroko memoriak aintzat hartuta. 1996an, 78 erreskate erregistratu ziren; 2006an, 115, eta 2018an, 267.
1996tik hona, 2018an izan dira mendian heriotza gehien. Hilabetez hilabeteko datuei erreparatuta, otsailean egiten dira erreskate gutxien eta uztailean gehien, eta astelehenetan egin ohi dira salbamendu operazio gehien.
UPV/EHUko irakaslearen arabera, ezinbestekoa da gizartea hezi eta sentsibilizatzea ez ezik, erreskate taldeetan mendirako profila duten osasun langileak ere izatea.
"Ebakuazioa hasi aurretik, pertsona tokian bertan artatzea lortzen badugu heriotza-tasa nabarmen jaitsi daiteke", adierazi du.