Gizartea -
OSASUNA
Ariketa fisikoa egiteko eta ohitura osasungarriak hartzeko deia egin du Murgak
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu duenez, jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak, bakoitzak bere intentsitatean, gaixotasunak pairatzeko arriskua gutxitzen du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, ariketa fisikoa egitea, elikadura osasuntsua izatea eta ohitura osasungarriak hartzea da gaixotasunak prebenitzeko modurik onena.
"Getxotik Oinez Bizi" ekimenaren zazpigarren ekitaldian hartu zuen parte atzo Nekane Murga sailburuak, urtero Getxon Ariketa Fisikoaren Mundu Eguna (apirilak 6) eta Osasunaren Mundu Eguna (apirilak 7) ospatzeko egiten duten ibilaldi herrikoian.
Ibilbidearen amaieran, jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak, bakoitzak bere intentsitatean, gaixotasunak (kardiopatiak eta istripu kardiobaskularrak, diabetesa, hipertentsioa, enboliak, koloneko edo bularreko minbizia) pairatzeko arriskua gutxitzen duela nabarmendu zuen Osasun sailburuak.
Norbere gorputza zaintzeko aldaketak modu positiboan baloratu baditu ere, oraindik ere bide luzea dagoela egiteko onartu du sailburuak. Izan ere, helduen artean hirutik batek bakarrik egiten du osasun onari eusteko ariketa nahikoa. Errealitate hori aldatzea da, hain zuzen ere, Euskadiko Osasun Planaren (2013-2020) helburuetako bat.