Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Frantziak ez du eskola publikoetan murgiltze eredurik ezarriko
Ipar Euskal Herriko 17 haurtzaindegi publikoetan euskarazko eredua zabaltzeari uko egin ostean, jarrera hori berretsi du Senatuan Jacqueline Gourault Lurralde Kohesiorako ministroak.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Frantzian, eskola publikoetan, ez da murgiltze eredurik ezarriko. Hala berretsi berri du Jacqueline Gourault Frantziako Lurralde Kohesiorako eta Toki Kolektibitaterako ministroak.
Joan den astean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak uko egin zion Ipar Euskal Herriko 17 haurtzaindegi publikoetan abian den euskarazko murgiltze eredua zabaltzeari. Angelu, Ainhoa eta Irisarriko gurasoek bertako haur eskoletan eredu hori ezartzeko eskaria egin zuten, eta erabateko ezezkoa etorri zen Ministeriotik, are gehiago, orain arteko proba pilotuen aurkako iritzia ere eman zuen Jean Michel Blanquer ministroak.
Hain justu, Macronen Gobernuaren jarrera berri hori berretsi zuen ostiralean Jacqueline Gourault Lurralde Kohesiorako ministroak. Senatuan egindako adierazpenetan Gouraultek adierazi zuenez, "murgiltze eredua posible da ikastetxe pribatuetan, ez, ordea, publikoetan. Ezin diegu gurasoei hori inposatu. Eskola publikoetan frantsesa ez den hizkuntza baten murgiltze eredua Konstituzioaren aurkakoa da".
Senatuko eztabaidan Max Brisson senatari lapurtarrak erantzun zion Gouraulti. Horren ustez, "Gobernuak Iparraldeko eskola publikoetan proba pilotu gisa dagoen murgiltze ereduaren aurkako jarrera argia du".
Gogorrago erantzun zion atzo Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak Twitterren. Salatu duenez, "akats bikoitza da murgiltze eredua baztertzea. Akats juridikoa inposizioa ez delako, eta politikoa hizkuntza erregionalen babesean atzera egitea delako".