Gizartea -
Iragarpena
Euria eta tenperatura beherakada Aste Santua abiatzeko
Euskalmeten iragarpenaren arabera, fronte hotza sartuko da gaur, eta bere eraginpean egongo gara gutxienez ostiral arratsaldera arte.
eitb.eus
Aste Santuko lehen jaiegunak euripean igaroko ditugula iragarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Izan ere, gaur, osteguna, fronte hotza sartuko da, eta euria eta tenperatura beherakada ekarriko ditu.
Aste Santurako prestatutako iragarpen bereziaren arabera, fronte hotza sartuko da gaur, eta horrek giro bustia ekarriko du, denean berdin botako ez duen arren. Batez ere barnealdean eta mendebaldean espero dira zaparradak, eta litekeena da kostaldean eta ekialdean prezipitazio askoz gutxiago edo ia bat ere ez egotea. Goizean, hegoaldeko haizea indartsu ibiliko da oraindik, eta tenperatura minimoak altuak izango dira (12-15 ºC). Eguerdian, haizeak ekialdetik joko du, eta tenperatura maximoek behera egingo dute (18-20 ºC).
Ostiralean, goizaldean eta goizean goiz, zaparrada batzuk izan daitezke, baina barnealdera mugatuko dira gehienbat. Orduak igaro ahala, atertzera egingo du, eta arratsalderako ez da prezipitaziorik espero. Egunaren hasieran, zerua hodeitsu egongo da, baina hodeitza saretuz joango da, batez ere isurialde atlantikoan. Haizea aldakor ibiliko da hasieran, eta ekialdetik finkatuko da egunak aurrera egin ahala. Tenperatura minimoak apur bat jaitsiko dira, baina maximoetan ez da aldaketa handirik izango, pixka bat igo daitezkeen arren.
Larunbatetik aurrera, iragarpenaren ziurgabetasuna handia da, baina litekeena da giro polita izatea. Lainoguneak eta hodei hondarrak izango dira egunaren lehen partean, baina garbitzera egingo du goizean. Gainerako orduetan, giro eguzkitsua gailenduko da. Tenperatura maximoak igo egingo dira, bereziki barnealdean. Haizeak ekialdetik joko du.
Iganderako ez da aldaketa nabarmenik espero, eta, oro har, ateri eta hodei gutxirekin izango dugu zerua. Dena dela, posible da eguraldia apur bat ezegonkortzea, iparraldeko haizea nagusitzea eta euri pixka bat egitea.
Euskal Meteorologia Agentziak ohartarazi duenez, igande arratsaldetik eta, batez ere, Pazko Astetik aurrera, ziurgabetasuna are handiagoa da, eta, hori dela eta, ez dago oraindik iragarpen fidagarririk egiterik.